Balenciaga Shipyardek aro berri bati ekin dio bere lehen ontziaren gila jarrita, eta itxieraren mehatxua atzean utzi du
Inaugurazio ekitaldia gaur goizean izan da, Zumaiako Balenciaga Shipyarden portuko instalazioetan bertan. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua "hilabete askotako hotzaren eta hodeitzar beltzen" ondoren, ontziola zumaiarrak "etorkizun oparoa" duela eta pozik agertu da.
Balenciaga Shipyardek etapa berri bati ekin dio ostegun honetan, hartzekodunen konkurtsoa atzean utzi eta bere lehen ontziaren gila jartzeko ekitaldiarekin. Gipuzkoako konpainiaren berpizkundea eta iaztik zeraman lan ziurgabetasunaren amaiera sinbolizatu ditu ekitaldiak.
Zumaiara bertara gerturatu dira, besteak beste, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, Nelson MacKie Safeen Drydocksen CEOa eta Santiago Bardal ontziolaren zuzendaria, eta ontziolako langileak eta hornitzaileak ere bai. Guztiak instalazioetan zehar ibili dira martxan dauden lehen proiektuak nola doazen ikusteko.
Hunkituta hitz egin du Jauregik, eta aitortu du azken hilabeteak zailak izan direla, baina gaurko eguna "bikaina" dela esan du. Hala, nabarmendu du 100 urteren ondotik Balenciagak etorkizun oparoa izatea ospatzen ari direla gaurkoan.
Bide beretik mintzatu dira Imanol eta Iñaki, ontziolako langileak. Pozik daudela aitortu dute, eta momentuz lau urterako lana dutela aditzera eman dute.
Balenciaga Shipyarden zuzendari nagusi Santiago Bardalek, bere aldetik, ontziolako langileek "urte zailetan espirituari eutsi" diotela azpimarratu du, eta adierazi du "gaur oinarri horren gainean" eraikitzen hasi direla berriro. Hala, AD Ports Groupi eskerrak eman dizkio "bere konpromisoagatik", baita "ontziolan sinetsi duten guztiei".
Lan-karga bermatuta epe ertainera
Urte hasieran jarduerari berriro ekin ondoren, zuzendaritzak baieztatu egin du enpresak gaur egun gutxienez bi ontziko hasierako zorroa duela. Lan-karga horrek epe labur eta ertainerako egonkortasuna bermatuko die langileei, eta Euskadiko ontzi-sare laguntzailea suspertuko du.
11,2 milioi euroan saldu da
1921ean Zumaian sortua, Balenciaga ontziola mende bat baino gehiagoz tokiko ekonomiaren zutabea eta Euskadiko ontzigintzaren erreferentea izan da. Dena dela, azken proiektuetako gainkostuek eta materialen garestitzeak finantza-itomenera eraman zuten enpresa. Hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, 28 milioi eurotik gorako zorra pilatu baitzuen.
Nolanahi ere, ontziolak porrota saihestea lortu zuen joan den urtearen amaieran, 11,2 milioi euroren truke Abu Dhabi Ports buru zuen partzuergo arabiarrari salduta. Operazio horrek amaiera eman zien langileek eta eskualdeak pairatu zituzten ziurgabetasun hilabeteei.
Jarduera urtarrilaren 12an hasi zen berriro, eta ordutik, zuzendaritza berriak ahaleginak egin ditu ekoizpena berrantolatzeko eta jada kontratatutako eskaerak gauzatzeko.
Etapa berria gutxienez bi ontzi zorroan dituztela hasi zen, eta horri esker, jarduera berehala suspertu zen, eta ontziolaren industria-gaitasuna berreskuratzeko aukerak indartu ziren, AD Ports Groupen laguntzarekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela