Osasun Ministerioak baztertu egin du Estatutu Markoaren negoziazioa berriz hastea, autonomia erkidegoek eskatu arren
Monica Garcia ministroak errefusatu egin du "zerotik hastea", ez baitu legea urratuko eta sindikatuekin lortutako akordioa hautsiko.
Monica Garcia Osasun ministroak esan du ez duela Estatutu Markoa berriro negoziatuko, autonomia erkidegoek hori eskatu dioten arren.
Esapiniako Osasun Sistemako Lurraldearteko Kontseiluak modu telematikoan egindako bileran, erkidegoek Osasun Sistemako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Estatutu Markoa aldatzeko negoziazioari hasieratik heltzeko eskatu diote Osasun Ministerioari.
Erreforma horrek medikuen 30 greba-egun inguru eragin ditu Espainiako Estatu osoan; izan ere, Osasun Sistema Nazionaleko gainerako profesionalekiko independentea den estatutu propio bat eskatzen dute, beren lanbide-jardunaren berezitasunak jasoko dituena. Ildo horretan, medikuen sei sindikatuek aurreratu dute udazkenean grebarekin jarraitzeko asmoa dutela Osasun Ministerioak egungo testua erretiratzen ez badu.
Kanarietako kontseilari Esther Monzonek erkidego bakoitzak zer jarrera duen azaldu dio Ministerioari, eta beharrezkotzat jo du "negoziazio berriro hastea, alde guztien parte-hartze eraginkorra bultzatuko duen eta Osasun Sistema Nazional osorako testu adostu, orekatu eta iraunkor bat eraikitzea ahalbidetuko duen metodologia batekin".
Garciak esan du ez duela legea urratuko
Bileraren osteko prentsaurrekoan, Monica Garciak errefusatu egin du "zerotik hastea"; izan ere, esan duenez, ez du legea urratuko eta ez du negoziazioaren eremuko sindikatuekin (SATSE, FSS-CCOO UGT eta CSIF) lortu zuen akordioa hautsiko, ezta osasun arloko profesionalen lan-baldintzak bertan behera utziko ere.
Negoziazioak berriz hasiko balira, legegintzaldi honetan profesionalek eskatzen dituzten lan-baldintzak ez liratekeela hobetuko ohartarazi du, gaia "alboratuta" geratuko litzatekeelako eta legeaz harago joan beharko litzatekeelako.
Ministroak ez ditu onartu zerotik hasteko aipatutako argudio batzuk, hala nola 24 orduko guardiak ez kentzea. "Horiek mantentzea eta 2003ko testua mantentzea onartezina da", erantzun die.
Gainera, erkidegoei leporatu die Osasun Ministerioari lanaldiari eta guardiei buruzko artikuluak kentzeko eskatu izana. "Aldarrikapenak ezabatzeko eta profesionalei ez entzuteko eskatzen digute, eta aldarrikapen horiei jaramonik ez egitearen errua egozten digute", deitoratu du.
Garciaren ustez, une egokia da sistema erreformatzeko eta osasun-langileen baldintzak hobetzeko; izan ere, esan duenez, erkidegoek inoiz baino eskumen gehiago dituzte, hazkunde ekonomiko "historikoa", eta inoiz baino profesional eta prestakuntza gehiago.
"Ministeriok baldintza perfektuak ditu profesionalen lan-baldintzak hobetzeko lanean hasteko. Ez dago aitzakiarik atzeratzeko eta markagailua berriro zeroan jartzeko", azpimarratu du ministroak, eta esan du ez duela tiraderan utziko duela hiru urtetik hona lantzen ari diren guztia.