Bilbok pertsonako 6,5 euroko tasa ezarriko du apartamentu turistikoetan; luxuzko hoteletan, 5 eurokoa
Bilboko Udalak 2027rako udal zergak bigarren urtez jarraian izoztea onartu du, eta, horrekin batera, etxebizitza turistikoetan ostatu hartzeagatik eguneko 6,5 euroko zerga ezartzea erabaki du; araudiak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoa, hain zuzen ere.
Ogasun zinegotzi Carlos Urgoitik udal taldeei azaldu die gobernu taldeak bigarren urtez jarraian zergak izoztuta mantentzea erabaki duela, prezioen igoera etengabearen aurrean familiei ahalmen ekonomiko handiagoa uzteko helburuarekin.
2027ko Zerga Ordenantzen berritasun nagusia Ostatu Turistikoen gaineko Zerga indarrean jartzea izango da. Urgoitik azaldu duenez, Udalaren asmoa da zerga hori "neurritasun eta oreka irizpideekin" ezartzea.
Zinegotziak ohartarazi duenez, zerga tasak araudian aurreikusitako gutxienekoaren gainetik ezarriko dira, "gure hiriaz aldi baterako gozatzen dutenek zerbitzu publikoen finantzaketan zentzuzko ekarpena egin dezaten, Bilbok helmuga turistiko gisa duen lehiakortasuna kaltetu gabe".
Hori horrela, araudiak aurreikusten dituen gehieneko tasak aplikatzea proposatu du apartamentu turistikoetan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan.
Bost izarreko hoteletan, bost euro
Bilboko Udalak proposatu du bost izarreko hoteletan ostatu hartzeagatik pertsonako eta gaueko 5 euro kobratzea; lau izarrekoetan, 4 euro; hiru izarrekoetan, 2 euro; bi izarrekoetan, 1,5 euro; eta izar batekoetan, euro bat. Zenbateko bera ordaindu beharko dute pentsioetan, aterpetxeetan, landa-etxeetan eta kanpinetan ostatu hartzen dutenek.
Bestalde, turismo-gurutzontzietan hirira iristen direnek 6 euro ordainduko dituzte gau bakoitzeko; erabilera turistikoko etxebizitza oso bat alokatzen dutenek, berriz, gaueko 6,50 euro ordaindu beharko dituzte, Udalak proposatutako gehieneko tasa.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela