Mondragon Korporazioaren salmentak 11.322 milioi eurora igo dira 2025ean
EAEn langile gehien dituen talde kooperatiboa da (72.761 langile, hain justu), eta 1.346 lanpostu berri sortu ditu.
Mondragon Korporazioko kooperatibek 11.322 milioi euroko salmentak lortu zituzten 2025ean, hau da, aurreko ekitaldian baino % 1 gehiago. Inbertsioak, bestalde, 406 milioi euroraino iritsi ziren (% 7,8 gehiago), eta taldeak 618,8 milioi euroko irabazi garbi bateratuarekin itxi zuen iazko urtea.
Emaitza positibo horiek testuinguru geopolitiko konplexua eta nazioarteko merkatuen ezegonkortasuna gorabehera lortu dira, azken bost urteetan berrikuntza, lehiakortasuna eta eraldaketa teknologikoa bultzatzeko 1.800 milioi euro baino gehiago bideratu ondoren.
Mondragon Taldeak urteroko Kongresua egin du asteazken honetan Donostian, eta bertan, Pello Rodriguez presidenteak azpimarratu du zifra horiek korporazioa Euskadiko enplegu-emaile nagusia dela agerian uzten dutela, eta Nafarroako bigarren eta Estatuko bosgarren enplegatzaile handiena dela ere bai. Lan-arloan, korporazioak 72.761 langilerekin itxi zuen urtea, eta 1.346 enplegu berri sortu zituen.
"Urte ona izan da. Mondragon ez da soilik negozioa; darabilgun lan-jarrera eta helburua ere oinarri dira. Enpleguaren eta etekinen banaketaren bidez aberastasuna sortzea da bereizten gaituzten ezaugarrietako bat", azpimarratu du Rodriguezek bere hitzaldian.
Kooperatibek eta Mondragon Fundazioak 49 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten gizarte-ekintzako ekimenetara, eta mila bat erakunderekin lankidetzan aritu ziren inklusio, hezkuntza eta ingurumen arloetan. Gainera, belaunaldien arteko erreleboa bultzatu zen eta Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank (ASETT) sortu zen, gizarte-ekonomian duen eragina sendotzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela