Abian da Euskal Encounter, eta 5.000 parte-hartzaile eta 4.000 ordenagailu baino gehiago bilduko ditu BECen
Gaurtik igandera bitartean, parte-hartzaileek 200 bat jarduera, tailer praktiko eta hainbat arlotako lehiaketaz gozatu ahal izango dute, sormenari, berrikuntzari eta dibulgazio zientifikoari eskainitako espazioetan. Aurten, arreta Adimen Artifizialean eta konputazio kuantikoan jarriko dute.
Abian da Bilbao Exhibition Centren (BEC, Barakaldo) 34. Euskal Encounter topaketa, eta igandera bitartean teknologia informatikoaren epizentro izango da. 5.000 parte-hartzaile izango ditu aurtengo ekitaldiak.
Informatika eta teknologiaren gaineko makro-topaketak sareetara konektatutako 4.000 ordenagailu eta ekipo baino gehiago izango ditu, gaitasun handiko azpiegitura bati eta Euskaltelek emandako 70 Gbps-ko Internet konexioari esker.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo programak gaur egungo eraldaketa digitala markatzen ari diren bi teknologiatan jarriko du arreta: Adimen Artifiziala eta konputazio kuantikoa.
Hitzordu teknologikoak, gainera, 200 bat jarduera, tailer praktikoak eta hainbat arlotako lehiaketak egingo ditu, sormenari, berrikuntzari eta dibulgazio zientifikoari eskainitako guneetan.