GIPUZKOA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mugiren ohiko erabiltzaileek merkeago izango dituzte bidaiak; gutxi erabiltzen dutenek, ordea, garestiago

Mugi txartelaren deskontu-sistema aldatu egingo da, eta adinekoen egoitzetako erabiltzaileek hilero diru-kopuru handiagoa izango dute euren gastuetarako. Aldaketa EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko lortutako akordioaren emaitza da.

MUGI.JPG
Artxiboko argazki bat

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mugi txartelaren deskontu-sistema aldatuko du, garraio publikoaren erabilera indartzeko. Neurria EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko lortutako akordioaren emaitza da. Orain arte hiru deskontu-tarte zeuden, baina aldaketa indarrean sartuta, lau tarte izango dira, erabiltzailearen hileroko bidaia kopuruaren arabera. 

Trena zein autobusa gutxien erabiltzen dutenek (hilean 15 bidaia baino gutxiago) gehiago ordainduko dute. Ibilbide bakoitzeko txartela 66 zentimoan izango da (gaur egun baino 7 zentimo gehiago). Ohiko erabiltzaileek abantaila handiagoak izango dituzte. Hilean 50 bidaia baino gehiago egiten dituztenei 8 zentimora murriztuko zaie ibilbide bakoitzaren prezioa, hau da, orain baino 4 zentimo gutxiago ordainduko dute. 

Noizbehinkako txartelak, bestalde, igoera nabarmena izango du. Egungo 1,95 eurotik 2,25 eurora pasako da (% 15 garestiago).

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, aldaketa horiekin eguneroko erabiltzaileak fidelizatu eta saritu nahi dira, eta, horrez gain, paperezko txartel fisikoaren erabilera gutxitu, trantsizio ekologikoan eta digitalean aurrera egiteko asmoz.

Jose Ignacio Asensiok, bere aldetik, berretsi du neurri horiek "justizia sozialean eta ekintza klimatikoan aldi berean aurrera egin daitekeela islatzen" dutela, garraio publikoaren alde egiten delako, familiei laguntzen zaielako eta emisioak murrizteko urratsak ematen direlako.

Egoitzetan daudenei, diru gehiago

Adinekoen egoitzetako erabiltzaile eta egoiliarrek, bestalde, hilabetero diru gehiago izango dute beraien gastuetarako, erabilera libreko kopurua % 63 igoko baitu aldundiak. Hala, egungo 203 eurotik 330 eurora igaroko da.

Eguneko zentroen kasuan, laguntza hori 518-600 eurokoa izango da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X