Papresak aro berria hasi du, CL Group Industrial taldeak paper fabrika erosi baitu
Gaurtik CL Group Industrial taldeak bere gain hartu du Errenteriako paper fabrikaren ekoizpena.
Errenteriako Papresa fabrika. Artxiboko argazkia: Europa Press
Errenteriako Papresa fabrikan aro berria hasi dute astelehen honetan, hartzekodunen konkurtsoan zegoen paper fabrika CL Group taldeak 39,2 milioi euroren truke erosi baitu. Gaurtik Christian Lay Extremadurako taldeak hartu du ekoizpenaren ardura eta goizean goizetik paper fabrikako bi ekoizpen lerro nagusiak (egunkari-papera eta enbalaje-kartoia) martxan daude.
Gaurtik CL Group taldearen sozietate berriak, Papelera del Oiartzun S.L., kudeatuko du Errenteriako lantegia, baina Papresa marka komertzialari eutsiko dio, enpresak astelehen honetan bertan ohar bidez jakinarazi duenez.
Konkurtso aldian, Papresaren jarduerari eusteko eta ekoizpena ez eteteko konpromisoa hartu zuen CL Group taldeak.
CL Group taldeak azpimarratu duenez, lantegia "ekoizpen jarduera biziarekin, bezero zorroarekin eta hornitzaile sare egonkor batekin" iritsi da gaurko egunera.
Gainera, aldaketaren aurrean bezeroek eta hornitzaileek duten jarrera ona eskertu du jabe berriak.
Bestalde, CL Group taldeak langileen ordezkariekin lorturiko akordioari esker, langileen % 80k lanean jarraituko dute (166 langile, guztira).