Suteak Madrilen eta Avilan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Murriztu egin da Madrilgo suteen mehatxua, baina beroa dator eguraldiak okerrera egingo du

Espainiako Gobernuko iturriek ohartarazi dutenez, sutea oraindik ez dago kontrolatuta eta "eguraldiak aldakor jarraitzen du".

Iragarkia
18:00 - 20:00

Aldea del Fresnoko irudia. Argazkia: EFE

Suteen aurkako gaueko lanak "eraginkorrak" izan dira Madrilgo Erkidegoan, eta "mehatxua" murriztu egin da. Hala ere, ez dituzte kontrolpean hartu, eta datozen orduetan eguraldiak okerrera egingo du, Gobernu Ordezkaritzaren iturriek baieztatu dutenez.

Eskualdearen iparraldean dauden suteetan makina astunekin, sua itzaltzeko baliabideekin eta su teknikoekin lan egin da, sutea Valdemaquedara iristea saihesteko helburuarekin.

Madrilgo Erkidegoko 112 larrialdi zerbitzuak adierazi duenez, gauean zehar lurreko 50 ibilgailuk lan egin dute, eta horiei esker Cofio ibaiaren inguruko egoerak hobera egin du; une honetan alderdirik kritikoena hori da.
  
Espainiako Gobernuak nabarmendu duenez, "aireko baliabideak erabilita —zazpi hidrohegazkin eta lau helikoptero— eta lehorreko baliabideak pilatuta; 400 soldadu baino gehiago jardun dira gauean, mehatxua gutxitu ahal izan da". Dena dela, sutea oraindik ezin kontrolatu dabiltza, eta eguraldia aldakorra da; izan ere, gogortu egingo da, beroa dator eta.

Hori horrela, astearte honetan zaindu eta frontearen aurka borrokatu beharrean, ingurua freskatzen jardungo dira. Asteazken honetan bero-bolada bat dator eta tenperaturak gora egingo duela aurreikusten da.

Avilako sutearen azken ordukoa

Bestalde, Burgohondoko (Avila) sutea itzaltzeko —Espainiako historiako handiena, 50.000 hektarea erre ditu—seigarren lan-egunari ekin diote astearte honetan. Astelehenean bilakaera hoberakoa izan zen, eta bihar helduko den bero-boladak ezarriko du muga, probintziaren hegoaldean 38 gradurainoko tenperaturak izango baitira.

Sutearen ondorioz, udalerri ugari konfinatu dituzte, hala nola Cebreros, Navaluenga, El Tiemblo eta Las Navas del Marqués —14.000 bizilaguni baino gehiagori eragin dio itxialdiak, bizilagun udatiarrak kontuan hartu gabe—. Gainera, 16 herrigune ebakuatu dituzte. Suteak 160 kilometroko perimetroa du gaur egun, eta berriro piztu eta gehiago zabaltzeko arrisku handia du orandik ere. 

Zenbat hektarea erre dituzte dagoeneko Avilako eta Madrilgo suteek?

Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak "nahiko positibotzat" jo du gaur gauean suteen aurka egindako lana; horri esker, "apur bat lasaiago" egon daiteke asteazken honetatik aurrera helduko den beroaren aurrean.

TVEn egin dituen adierazpenetan, Marlaskak nabarmendu egin du suhiltzaileek atzoko punturik kritikoenean egindako ahalegin handia: San Juan urtegiaren iparraldetik atzo ebakuatu zuten Valdemaqueda (Madril) ingurura sugarrak ez zabaltzea lortu zuten.  

Marlaskak argitu duenez, Avilako eta Madrilgo suteak bakarra balira bezala tratatzen ari dira eta, bi sute eremuen artean aldian aldiko loturak egon arren, bi sute handiek ez dute "bat egin". Dagoeneko 70.000 hektarea inguru erre dira bi suteen artean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X