Kaleko afari solidarioak debekatu egin ditu Donostiako Udalak, "bizikidetza arazoak" argudiatuta
Jon Insausti alkatearen arabera, kalean otorduak banatzen diren tokietan delinkuentziak gora egin du. Aurrerantzean galarazita egongo da kalean otorduak banatzea Donostian, eta Kaleko Afari Solidarioak taldeak salatu duenez, 300 pertsona baino gehiago afaltzeko alternatibarik gabe utziko dituzte.
Kaleko Afari Solidarioak taldearen mobilizazioa Donostian. Argazkia: EFE
Donostiako Udalak afariak "hiriko espazio publikoetan" banatzea debekatu du gaurtik aurrera, bizikidetza arazoak argudiatuta. Jon Insausti Donostiako alkateak astearte honetan azaldu duenez, berak hartu du erabakia. Alkatearen arabera, kalean otorduak banatzen dituzten tokietan (Konstituzio plaza, Gipuzkoa plaza eta Anoeta) Poliziaren esku-hartzeen kopurua bikoiztu egin da urtebetean; aldiz, Egian, kaleko afari solidarioak debekatu zituztenetik, delinkuentzia tasak % 20 egin du behera.
Bart jakinarazi dio debekua Udaltzaingoak Kaleko Afari Solidarioak kolektiboari, Udalak ebazpena onartu berritan.
Hain zuzen ere, Udaleko lau departamentuk egindako txosten teknikoen ondoren etorri da erabakia.
Diru gehiago Otorduak programara
Insaustik iragarri duenez, Udalak milioi erdi euro gehiago bideratuko du Otorduak programa indartzera. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa baliatuta 100 pertsona gehiagori jatekoa emango die Udalak. Donostian erroldatutakoek eta hirian errotuta daudenek (gutxienez hiru hilabete) izango dute horretarako aukera.
Gaur-gaurkoz, Udalak 1,5 milioi euro bideratzen ditu 316 otordu eskaintzera, eta aurrerantzean 2 milioi euro jarriko ditu, 416 otordu emateko.
Kaleko Afari Solidarioak kolektiboaren salaketa
300 pertsona baino gehiago afaltzeko alternatibarik gabe utzi dituela salatu du Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak, eta asteazken iluntzerako (20:00etan) elkarretaratzea deitu dute Konstituzio plazan.
Noiztik ari dira afari solidarioak banatzen?
Kaleko Afari Solidarioak kolektiboa 2020ko azaroan hasi ziren afaria solidarioak banatzen. Gerora, egitasmoa Egiara zabaldu zen. Hain zuzen ere, segurtasun arazoak argudiatuta, Egiako afariak debekatu egin zituen Udalak duela bi urte. Geroztik, Konstituzio plazan, Gipuzkoa Plazan eta Anoetan aritu dira otorduak banatzen. Urtean, 100.000 afari baino gehiago prestatu eta banatu dituzte boluntarioek.