Behin-behinean espetxean jarraituko du sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik ikertzen ari diren gizonak
Autoan, epaileak berretsi du biktimak konortea erdi galduta zuela sexu-erasoa egin ziotenean. Deklarazioan, akusatuak esan zuen emakumeak baimendutako sexu-harremana izan zela.
Iruñean egindako elkarretaratze bat, sexu-erasoen kontra. Artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Iruñeko sanferminetan izandako bortxaketa salaketa bat ikertzen ari den epaileak berretsi egin ditu erasoarekin lotuta atxilotutako gizonari ezarritako neurriak. Hala, ustezko erasotzaileak espetxean jarraitu beharko du, behin-behinean eta fidantzarik gabe.
Salatutako erasoa uztailaren 10ean izan zen, Estafeta kaleko ezkaratz batean, eta handik lau egunera espetxeratu zuten gizasemea. Gaur zabaldutako autoan, magistratuak berriro azaldu du biktimak konortea erdi galduta zuela sexu-erasoa egin ziotenean, eta gertakariak larriak izan zirela nabarmendu du.
Epailearen arabera, gizonak indarkeria fisikoa erabili zuen emakumea bortxatzeko, azken hori drogaren eta alkoholaren eraginpean zegoela. Horrez gain, esan du mediku-txostenek erakusten dutela biktimaren baimenik ez zela egon.
Deklarazioan, ustezko erasotzaileak esan zuen emakumeak baimendutako harremana izan zela.
Magistratuak uste du ikerketapean dagoen gizonak espetxean jarraitzea beharrezkoa dela, biktima babesteko.