Vall d'Uixoko (Castello) suteak kontrolik gabe jarraitzen du, eta 6500 hektarea kiskali ditu jada
Larunbatean sutea piztu zenetik 15 udalerritako 16.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte. Hainbat erakundetako 450 profesional baino gehiago ari dira sua itzaltzeko lanetan.
Vall d'Uixoko suteak kontrolik gabe jarraitzen du. Argazkia: EFE.
Larunbat honetan Vall d'Uixon (Castello) piztutako suteak kontroletik kanpo jarraitzen du eta 6.500 hektarea inguru erre ditu. Suteak 48 kilometroko perimetroa du, eta, ondorioz, Castelloko hegoaldeko 15 udalerritako 16.000 pertsona baino gehiago atera behar izan dituzte etxetik.
Hainbat erakundetako 450 profesional baino gehiago ari dira sua itzaltzeko lanetan; besteak beste, Generalitateko Baso Suhiltzaileak, Castelloko Probintziako Partzuergokoak, Castelloko Udalekoak, Larrialdietako Unitate Militarra (UME), Generalitateko Polizia eta Aragoiko eta Balear Uharteetako suhiltzaileak. Gainera, 20 hegazkin eta helikoptero ari dira iristeko zailak diren eremuetan sua itzaltzeko lanean.
Juanfran Perez Llorca Valentziako Generalitateko presidentea Aginte Postu Aurreratuan izan da gaur, eta adierazi du sutea kontroletik kanpo dagoela, eta hura itzaltzea oso zaila izango dela, baldintza meteorologikoak txarrak direlako eta datozen orduetan ere hala izaten jarraituko dutelako.
Ebakuatuak, konfinatuak eta zaurituak
Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuaren (CECOPI) arabera, ebakuatutako pertsonak ezingo dira etxera itzuli gaur. Bien bitartean, Vall d'Uixo eta Betxi herrietako bizilagunak konfinatuta daude, eta agintariek konfinamendu hori errespetatzeko beharra azpimarratu dute, intoxikazioak saihesteko, “nahiz eta sugarrak gertu ez ikusi”.
Bestalde, kea arnastu duten 19 pertsona artatu behar izan dituzte, eta horietako zazpi La Plana ospitalera eraman dituzte: bi ospitaleratu egin dituzte eta bat larrialdietan artatu behar izan dute.
Suaren jatorria
Diana Morant Zientzia ministroa ere Aginte Postu Aurreratuan egon da gaur goizean, eta "seigarren belaunaldiko suteak" sortzen ari direla ohartarazi du, eta "klima aldaketaren erakusgarri" direla erantsi du.
Hala ere, Pilar Bernabe Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkariak adierazi duenez, sutearen jatorria ikertzen jarraitzen duten arren, "ez dirudi arrazoi naturalengatik sortu denik". Hori dela eta, Bernabek esan du sugarren jatorriari buruzko informazioa duten pertsonen artean lekukotzak jasotzen ari direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak