Bederatzi pertsona artatu dituzte Arrasaten, eraikin bateko etxabean piztu den sutearen ondorioz
Sendagiria jaso dute jada Arrasaten izandako sute baten ondorioz ospitalera eraman behar izan dituzten 9 herritarrek. Kea arnastegatik artatu behar izan dituzte, haien etxabean piztu baita sua, Garibai kaleko 14. atarian.
Larrialdi zerbitzuek 04:00etan jaso dute deia, asteburuetan gazteak batu ohi diren inguru batean sua zegoela jakinarazteko. Kepa Urteaga jarduneko alkateak adierazi duenez, nahita eragindako sutea izan da, erosketa-orga bati su eman eta etxabeko lokal baten sarreran utzi dutelako. Beroaren eraginez, lokalaren sarrera lehertu eta kiskali egin da.
Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Udalak, bere aldetik, arduraz jokatzeko deia egin du, eta neurriak hartzea aztertuko duela adierazi du.