SUTEAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Girondako suteak 240 etxebizitza suntsitu ditu eta 75 suhiltzaile zauritu dira

42.000 hektarea kiskali ditu jada, eta 220.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Agintariek, hala ere, baztertu egin dute Bordele husteko aukera, oraingoz. Macron presidenteak ministerio arteko bilera deitu du astelehen goizerako, krisia aztertzeko.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Girondako baso-suteak kontrolik gabe jarraitzen du, eta dagoeneko 240 etxebizitza suntsitu eta 75 suhiltzaile zauritu ditu, prefeturak igande honetan zabaldutako balantzearen arabera.

Sutea asteazkenean piztu zen, Arcachongo badiaren inguruan, eta 42.000 hektarea erre ditu ordutik. Gainera, 220.000 pertsona etxetik edo oporlekutik alde egitera behartu ditu; Frantziako inoizko kopururik handiena da. Sua Bordeletik 15 bat kilometrora heldu da.

Hala ere, Thomas Cazenave Bordeleko alkateak adierazi duenez, oraingoz ez dago hiria ebakuatzeko asmorik. Dena den, hiria datorrenari aurre egiteko prestatuta dagoela azpimarratu du, haizearen norabidea aldatuz gero egoerak okerrera egin baitezake.

Bien bitartean, Bordeleko Udala ebakuatutako milaka lagunak premiaz hartzeko egokitu dituen guneetatik atera eta egonaldi luzeagoak egiteko prestatutako lekuetara eramateko lanean ari da.

2.500 suhiltzaile ari dira

2.500 suhiltzaile ari dira sutea itzaltzeko lanetan, 1.500 militar, 1.200 jendarme eta 18 aire-baliabide lagun dituztela. Horietako bat A400M hegazkin militarra da, suaren aurkako lanetarako egokitua eta suaren aurkako produktua jaurtitzeko gaitasuna duena.

Suteak garraiobideei ere eragiten diete. A63 autobidea, Bordele eta Euskal Herria lotzen dituen bide nagusia, itxita dago hainbat tartetan, Baionan, esate baterako, eta Bordele hegoaldeko tren-zirkulazioa ere eten dute.

Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak ohartarazi du egoera "oso txarra" dela oraindik.

Sophie Broca Girondako prefetak ere ohartarazi du egoera "oso larria" dela, eta iragarri du ez duela utziko "ebakuatuak itzultzen, ezta lan jarduera garatzen ere, gutxienez astelehenera arte, sutea kontrolpean egon arte", "salbuespenezko egoerek salbuespenezko neurriak hartzea dakarte".

Era berean, turistei dei egin die ingurune horretara joan ez daitezen, egoera normalizatu arte.

Landetako suteak bilakaera hobea izan du

Landetan, Biscarrosse inguruan piztutako suteak bilakaera hobea izan du azken orduotan. Sua hobeto mugatuta dago, eta, oraingoz, 3.600 hektarea erre ditu.

Sute horren ondorioz 36.000 pertsona ebakuatu dituzte, baina horietatik 3.000 etxera itzultzeko moduan dira jada, segurutzat jo dituzten eremuetan.

Beste sute batzuk ere aktibo daude. Var departamendukoa indartu egin du haizeak, eta beste batzuek piztuta jarraitzen dute, Korsikan eta Alpe Garaietan, esaterako.

Emmanuen Macron presidenteak ministerioen arteko bilera deitu du astelehenerako

Suak eragindako kearen ondorioz, mikropartikula kaltegarrien gehieneko mailak gainditu egin dira lau departamentutan. Horregatik, Estatua maskarillak banatzen ari da, eta, ahal den neurrian, kanpora ez ateratzeko eta leihoak ez irekitzeko eskatu dute.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ministerioen arteko bilera deitu du bihar, 10:00etan.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"

Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X