Bruselak lau hegazkin mobilizatu ditu Greziatik eta Italiatik, Madrilgo eta Avilako suteei aurre egiten laguntzeko
"Madrilgo Erkidegoko historiako suterik larriena" dela esan du Ayusok, eta lehentasun nagusia "bizitzak salbatzea" dela azpimarratu du. Suak 6.000 hektarea inguru erre ditu dagoeneko, eta garrak "itzali ezinik" jarraitzen dute.
Europako Batzordeak gaur jakinarazi du lau Canadair hegazkin mobilizatu dituela Espainiako suteei aurre egiten laguntzeko: bi Greziatik eta beste bi Italiatik. Espainiako Gobernuak Europar Batasunari laguntza eskatu dio, herrialdeko hainbat tokitan piztutako baso-suteei aurre egiteko baliabideak indartzeko, eta berehala heldu da erantzuna.
Egoera ikusita, "Madrilgo Erkidegoko historiako suterik larriena" dela esan du Isabel Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak, eta lehentasun nagusia "bizitzak salbatzea" dela azpimarratu du. Hala, suak 6.000 hektarea inguru erre ditu dagoeneko, eta garrak "itzali ezinik" jarraitzen dute.
Hala, Larrialdietako Unitate Militarrak (UME) eskatuta, Babes Zibilerako Europako Mekanismoa aktibatu dute, hegal finkoko suteak itzaltzeko gutxienez lau hegazkin eskatzeko. Europar Batasunak baiezkoa eman dio eskaerari.
"Lau hegazkin mobilizatu ditugu, eta Copernicus satelite-programaren irudiak ere larrialdiari ematen ari zaion erantzuna babesten ari dira. Hegazkin horiek Grezian eta Italian zeuden, eta orain Espainiara bidali dituzte laguntzeko", adierazi du Anna-Kaisa Itkonen Europako Batzordeko Babes Zibileko bozeramaileak, erakundearen eguneroko prentsaurrekoan.