Gorpu bat aurkitu dute Pasaiako portuko uretan
Herritar batek 16:00ak aldera ohartarazi du gorpu bat zegoela uretan, eta Ertzaintzak atera du bertatik. Biktima ez dute oraindik identifikatu.
Gorpu bat erreskatatu dute igande arratsaldean, Pasaiako portuan, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 16:00ak aldera, herritar batek abisua eman du Pasaiako portuko uretan (San Pedro barrutian), gorpu bat agertu dela.
Bertaratu eta erreskatea egin dute, eta hildako bat zela baieztatu dute agenteek. Ondoren, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dute gorpua, eta bertan autopsia egingo diote, heriotzaren arrazoiak zehazteko.
Ertzaintzak adierazi du oraindik ez dutela biktima identifikatu.