ONGIZATEA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gipuzkoako umeen eta nerabeen bizimodu gogobetetasun indizea 9,1 puntukoa da

Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehen honetan aurkeztu duen ZmZ ikerketak haurren eta nerabeen ongizateari buruzko pertzepzioa jaso du, eta lurraldeko aisialdi hezitzaileko zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko da.

Artxiboko irudia. Argazkia: Pixabay.

8 eta 14 urte bitarteko gipuzkoarrek 9,1eko puntuazioa eman diote bizimoduari dagokionez duten gogobetetze-mailari, eta 8,8 puntuko nota jarri diote haien ongizate-maialari. Hori ondorioztatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak astelehen honetan aurkeztu duen ZmZ azterketatik.

Gipuzkoako 75 ikastetxetako eta 86 udalerritako 13.879 haur eta neraberen iritzietan oinarrituta egin dute azterketa, eta emaitzek “politika publikoak hobetzeko balioko dute, haur eta nerabeen errealitate zehatzetik abiatuta”, azaldu du Goizane Alvarez Kultura eta Gazteriako diputatuak.

Zehazki, haur eta nerabeen bizimoduaren funtsezko zortzi dimentsio aztertu dira —familia, ongizate materiala, osasuna, autonomia, eskola-bizitza, lagunak, aisialdia eta ingurunea—, eta ikerketak agerian utzi du inkestatuen artean ere badirela ondoeza eta desberdinkeria-egoera jakin batzuk.

Izan ere, ongizateak behera egiten du adinean aurrera egin ahala, bereziki DBHrako trantsizioan, eta neskek mutilek baino adierazle okerragoak dituzte 12 urtetik aurrera. Era berean, kalteberatasun sozioekonomikoak modu sistematikoan eragiten ditu ongizate-, bakardade- eta itxaropen-maila okerragoak.

Alerta-datuak

Alerta pizten duten datuen artean, ikerketak jasotzen du haurren eta nerabeen % 19,6k asebetetze-maila txikia edo ertaina dutela denbora librearen kantitateari dagokionez; % 13,7k, berriz, asebetetze-maila txikia dute helduen arretari dagokionez; eta soilik % 53,3k uste dute eragina izan dezaketela auzoko edo herriko erabakietan.

Gainera, % 48,5ek diote noizbait bakarrik sentitu direla, eta % 29,6k diote zailtasunak dituztela mugikorra erabiltzeari uzteko.

Datu horiek “aisialdi hezitzailea, benetan parte-hartzea, laguntza emozionala eta ingurune komunitario seguruak bermatuko dituzten politika publikoak bultzatzen jarraitzeko beharra indartzen dute”, azaldu du aldundiak.

Ildo horretatik, instituzioak adierazi du hainbat programa eta zerbitzu dituela, eta horien artean Gaztematika Sarea nabarmentzen da. Sare horretako zerbitzuetan Gipuzkoako haur eta nerabeen % 36,2k parte hartzen dute, eta 152 ekipamendu eta 358 profesional ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak barneko eta lurralde mailako lan-prozesuak ere bultzatzen ditu ZmZ ikerlanaren emaitzak sakon aztertzeko eta “haur eta nerabeen ahotsa modu eraginkorrean txertatzeko haiei eragiten dieten politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan”, ondorioztatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X