Podemos Euskadik akordioa lortu du EAJrekin eta PSE-EErekin EAEn tasa turistikoa ezartzeko
Alderdi moreak aurreratu duenez, bihar emango dituzte itunaren xehetasunak, Donostian egingo duten prentsaurrekoan. Turismo egonaldien gaineko zergaren Foru Arauaren proiektua tramitazio bidean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan.
Podemos Euskadik akordioa lortu du EAJrekin eta PSE-EErekin egonaldi turistikoen gaineko zerga Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko. Akordioaren xehetasunak bihar aurkeztuko dituzte Donostian, prentsaurreko batean, Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak, Miren Echeveste Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Victor Lasa Donostiako Udaleko bozeramaileak.
Alderdi moreak zazpi zuzenketa aurkeztu zizkion hiru batzar nagusietan tramitazio bidean den Foru Arauaren proiektuari, "anbizio handiagoko" tasa turistikoa izateko. Besteak beste, tarifen aplikazioan "progresibitatea" eta udalek errekarguak eta salbuespenak ezarri ahal izateko "malgutasuna" eskatu zituzten zuzenketa horietan.
Ondoren, negoziazioak abiatu zituzten hiru foru gobernuetako ordezkariekin, eta gaur zabaldutakoaren arabera, akordioa ixtea lortu dute.
Arabako eta Gipuzkoako batzar nagusietan EAJ-PSE-EE koalizioak ez du gehiengorik, eta ezinbestean oposizioko talderen baten babesa behar du, arau hau aurrera ateratzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera