HEZKUNTZA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Geroa Baik eta PSNk ikasgelen auzian itxitako akordioa kolokan, iragarri eta ordu gutxira

Geroa Baik ohartarazi du ez dagoela adostutakoa betzeko bermerik, PSNk "jarrera aldatu ezean". Sozialistek koalizioari eskatu diote "hausnartzeko" eta "konpromisoari eusteko".

Ikasgelen auzia dela eta Geroa Bai eta PSN gobernu kideen artean zabaldutako krisia bideratzear zegoela uste zenean, are gehiago korapilatu da gaia. Hezkuntza ereduaz akordioa iragarri dute bi taldeek arratsaldeko lehen orduan, baina ordu gutxira Geroa Baik jakinarazi du ez dagoela adostutakoa beteko den bermerik, eta, horrenbestez, ituna kolokan dago. 

Bihar Nafarroako Parlamentuan UPNk aurkeztutako Foru Lege Proposamenaren bozketan aurka bozkatzea adostu dute koalizio abertzaleak eta sozialistek, eta hezkuntza sistemaz hitz egiteko lanerako mahai bat eratzea. Halaber, itunak jasotzen zuen gelen itxierek ez dutela hurrengo ikasturteetan "proiekzio automatikoa" izango.

Dena dela, akordioa jakinarazi eta berehala, Geroa Baik esan du ez duela posible ikusten biharko bilkura baino lehen akordioa itxita uztea, "PSNk jarrera aldatu ezean"

Ohar labur batean azaldu duenez, Lizarrako Ikastolak eskatzen dituen gelen inguruan sortu da talka. Geroa Bairen arabera, ikusi dute PSNk ez duela "borondaterik" paperean jasotakoa egikaritzeko.  

Berehala etorri da sozialisteN erantzuna, eta horiek esan dute akordioan jasotakoa "goitik behera berresten" dutela. Koalizio abertzaleari eskatu diote "hausnartzeko" eta "konpromisoari eusteko"

Zabaldutako komunikatuan, PSNk defendatu du "hitza betetzen duen alderdia" dela, eta zerbait sinatzen dutenean, "betetzeko" sinatzen duela. 

Akordioa itxita zegoenean eduki berriak erantsi nahi izan direla salatu  ondoren,  sozialistek beti "legediaren barruan" jokatuko dutela azpimarratu dute. 

Akordioaren edukia

Arratsaldeko lehen orduan iragarri dute akordioa. Bere aldetik Geroa Baik azpimarratu duenez, akordioak ez lituzke "% 100 beteko" bere nahiak, baina "hasierako erabaki desegoki batzuk zuzentzea ahalbidetuko luke, bai eta elkarlanerako espazio bat zabaltzea ere". "Analisi horrek erronka estrukturalei heldu beharko die, hala nola jaiotzen jaitsiera, despopulazioa, hezkuntza-planifikazioa eta hezkuntza-kalitatearen hobekuntzak”, zehaztu du. 

Adostutako konpromisoen artean, koalizio abertzaleak bi nabarmendu ditu. Batetik, ikasgelen itxierari buruzko erabakia ez litzateke automatikoki ezarriko kontzertuak irauten duen aldi osoan eta urtez urte aztertuko litzateke. Eta bestetik, Hezkuntza Kontseilaritzak matrikulazio prozesuetarako ezarritako "irizpidea aldatu" egingo litzateke, eta diru publikoa jasotzen duten zentro guztiek "aparteko matrikulazio prozesuan" parte hartu ahal izango lukete, "ekitatea" bermatzeko. 

Ildo beretik, PSNk ere azpimarratu du akordioak jasoko lukeela "ikasgelak ixtearen inguruko azterketa" zehatza egitea, izan itunpekoak izan publikoak. Halaber, Hezkuntza Kontseilaritzarekin ituna izenpetu duten ikastetxeek aukera izango lukete itun hori indarrean dagoen urteetan "moldaketak" egiteko "unitate kopuruan", eskariaren arabera egokitzeko. 

Sozialisten arabera, etorkizunean martxan jarri nahi den mahaiak, besteak beste, legedia, ratioak, finantzazioa edota D ereduaren eta ikastolen inpaktua landuko lituzke.

Akordioak ez luke ekidingo datorren ikasturtean gelak ixtea, baina zabalik utziko luke hasieran aurreikusitako kopurua —14 gela itxiko zirela iragarri zen— murriztea; aparteko matrikulaziorako epea amaitu arte ez da zehaztuko kopuru hori. 

Aurten matrikulazio ezagatik itxitako gelak datozen lau urteotan automatikoki horrela ez geratzea ahalbidetuko litzateke, hori bai. Hau da, urtero aztertuko litzateke egoera, eta baliteke urte batetik bestera egoera aldatzea, matrikulazioen arabera. 

18:00 - 20:00

Ikastolak, kritiko

Nafarroako ikastolen komunitateak adierazi du oraindik badagoela "negoziatzeko tarterik" hezkuntza itunen inguruko akordioa lortzeko. Izan ere, ikastolen ustez, PSNren eta Geroa Bairen hasierako akordioak ez ditu jasotzen azken asteetan plazaratu dituzten eskaerak.

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenez, "beti dago negoziatzeko tarte bat". Reparazen hitzetan, "gaur eta bihar artean alderdiek bigarren aukera bat izan dezakete, akordioak ez baitira betiko aliantzak. Atzera egiteko, gehitzeko, hobetzeko eta ekarpenak egiteko aukera badago".

Ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan UPNren lege-proposamena eztabaidatuko dela eta, Reparazek azpimarratu du "une hori iritsi arte" elkarrizketarako aukerak zabalik jarraitzen duela. "Ikastolok beti sustatu dugu elkarrizketa egoera hau desblokeatzeko oinarrizko tresna gisa", gaineratu du zuzendariak.

Bestalde, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolak elkarteko presidenteak gaitzetsi egin du PSNren eta Geroa Bairen arteko ituna, "nahasgarria" dela iritzita. Sanjurjoren ustez, akordioak ez ditu kontuan hartzen Nafarroako gizarteak eta hezkuntza komunitateak eskatutakoak: "Gaur, berriz ere, frogatu da ikastoletako gelak ixteko erabakia arbitrarioa dela. Zer gertatuko da ikastoletako zazpi gela horiekin?".

Geroa Baik akordioa betetzeko bermerik ez dagoela jakinarazi aurretik eman dituzte Nafarroako ikastolen ordezkariek. 

Itunpeko 14 gela

Joan den hilean, Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen 14 ikasgela itxiko dituztela datorren ikasturtean itunpeko ikastetxeetan; erdiak Ikastolen sarean ixtea aurreikusten da; bost, kristau eskoletan; eta bi, Espainiako Irakaskuntza Zentroen Konfederazioko ikastetxeetan.

Bestalde, gaur goizean bertan Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Unai Hualde Geroa Baiko kideak eta Nafarroako Parlamentuaren presidenteak aitortu du gaiak "tentsio handia" sortu duela gobernu bazkideen artean, batez ere, ikastolak ahulduko direlako. 

Ikasgelarik ez ixteko eta hezkuntza sistema soseguz berrantolatzeko denbora eskatu dio Hualdek PSNri.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Geroa Baik akordioa bultzatu nahi du sozialistekin, itunpeko ikastetxeetako ikasgelak ixtea saihestu eta hezkuntza sistema soseguz berrantolatzeko

Unai Hualde, Geroa Bairen Nafarroako Parlamentuko Presidenteak aitortu du tentsio handia sortu duela PSNren eta Geroa Bairen artean, Hezkuntza kontseilariak ikasgelak ixteari buruz egindako iragarpenak, batez ere ikastolak ahulduko dituelako. Geroa Baik ikasgelarik ez ixteko eta hezkuntza sistema soseguz berrantolatzeko denbora eskatu dio alderdi sozialistari. Bihar bozkatuko dute Foru Gobernuan UPNk itunpeko ikastetxeak blindatzeko aurkeztu duen lege proposamena, eta, hori bozkatu beharrik ez izateko, biharko bozketaren aurretik gobernuko taldeen artean akordioa lortzea nahi du Hualdek.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X