Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Energiaren prezio igoerak bultzatu du gogorren inflazioa. Argazkia: Europa Press.
Euroguneko inflazio mailak hamarren bat egin du gora uztailean, eta % 2,9an kokatu da urte arteko tasa, ekainean, urte osoan lehenengoz, jaitsi eta gero, Eurostat Europako Batzordearen estatistika bulegoak ostiralean argitaratu dituen aurretiazko datuen arabera.
Inflazio handiena energian izan da: % 10ekoa izan da gorakada uztailean, ekainekoa % 8,5ean itxi eta gero, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz erregaien prezioa gora eta gora ari den honetan.
Elikagaiak, alkoholdun edariak eta tabakoa izan dira, aitzitik, garestitzea apaldu duten produktu bakarrak; ekainean % 1,5 igo eta gero, uztailean % 1,2koa izan da igoera.
Azpiko inflazioa, prezio oso aldakorrak dituztenez energia eta elikagaiak kalkulutik at uzten dituen indizea, hamarren bat igo da, ekaineko % 2,4tik uztaileko % 2,5era. Hain zuzen ere, datu hori erabiltzen du Europako Banku Zentralak erreferentzia gisa bere diru politikari dagokionez.
Datu horrek erakusten duenez, ekainean atzera egin eta gero, inflazioak gorako joera berreskuratu du; 2026a % 1,7ko igoerarekin abiatu genuen, urtarrilean, otsailean % 1,9koa izan zen urte arteko igoera, martxoan % 2,6koa, apirilean % 3koa, maiatzean % 3,2koa, ekainean % 2,8ra jaitsi zen eta uztailean igo egin da berriz, % 2,9koa izan baita.
Europako Banku Zentralak ezarritako helburua (% 2) baino bederatzi hamarren gehiago harrapatu du, beraz, urte arteko inflazio mailak.
Espainian % 3,8ko inflazio harmonizatua neurtu dute, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta Frantzian % 2,4koa, aurreko hilekoa baino lau hamarren handiagoa. Euroa erabiltzen duten herrialdeen artean, Lituanian izan da inflazio handiena (% 5,6) eta Estonian txikiena (% 2).