Gutxieneko soldata % 5,3 igoko da 2027an, hilean 1.286 euro gordinekoa izateraino
Adituen Batzordeak gutxieneko soldata 1281 eurora arte igotzea aholkatu zion Lan Ministerioari, baina, Yolanda Diazek igoera handiagoaren alde egin du azkenean; urtean 18.000 euro gordinera iritsiko da.
Espainiako Gobernuak % 5,3 igoko du lanbide arteko gutxieneko soldata 2027an, hilean 1.286 euro gordin izateraino 14 ordainketetan (18.004 euro urtean). Neurri horrek 65 euroko gehikuntza dakar hilean, 2026ko 1.221 euroekin alderatuta.
Adituen Batzordeak % 4,9ko igoera egitea aholkatu zion Lan Ministerioari, soldata 1.221etik 1.281era igotzeko; Yolanda Díaz buru duen ministerioak, ordea, igoera handiagoa izatea erabaki du azkenean.
Ministerioak errege-dekretuaren zirriborro baten bidez bideratu du proposamena, eta zuzenean eraman da entzunaldiaren eta parte-hartze publikoaren izapide ofizialetara. Neurriari ekarpenak egiteko epea azaroaren 16an amaituko da, eta une horretatik aurrera testua Ministroen Kontseiluak testua onartu ahal izango du.
Errege Dekretuaren testuaren arabera, igoera horrekin “langileei eta haien familiei bizitza maila txukuna bermatuko die bidezko ordainsari batekin”.
Sindikatuekin adostu gabe bultzatu du lehen aldiz Yolanda Diaz lan ministroak gutxieneko soldataren igoerari buruzko errege-dekretua. Erakunde sindikalek % 7ko igoera eskatu zuten, eta ohartarazi zuten ez dutela akordiorik sinatuko plusak eta osagarriak konpentsatu ezean.
Patronalak, bien bitartean, ez ditu babestu gutxieneko soldataren azken igoerak. Neurria “elektoralistatzat” jo du eta gogor kritikatu du hauteskunde kanpaina bete betean onartu nahi izatea. Zentzu horretan, elkarrizketarako denbora gehiago eskatu du.
Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata bere kabuz aldatzeko ahalmena du, betiere aldez aurretik gizarte-eragileei kontsulta eginda. Izan ere, errege-dekretu bidez arautzen denez, ez du Gorteen oniritzirik behar, eta hauteskundeen ondoren gauza liteke, baita Gobernua jardunean egonda ere.
Yolanda Diaz Lan ministroak defendatu zuen LGSaren igoera ezin dela atzeratu hauteskunde deialdiagatik, "enpresa guztiek jakin behar dutelako urtarrilaren 1ean zein den gutxieneko soldata".