Gipuzkoako enpresetako zuzendari nagusien % 12,9 soilik dira emakumezkoak
"Datu horiek agerian uzten dute erantzukizun maila eta erabakitzeko ahalmena handitu ahala murriztu egiten dela emakumeen presentzia Gipuzkoako enpresetan", nabarmendu du Iratxe Pascual Aspegiren presidenteak.
Gipuzkoako enpresetako zuzendari nagusien % 12,9 baino ez dira emakumezkoak, hau da, zortzitik bat, Aspegi Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak ondorioztatu duenaren arabera. Izan ere, Gipuzkoan, emakumeek lan merkatuan duten presentziari eta enpresa lidergoari buruzko diagnostikoa egin du aipatu elkarteak.
Aspegiren presidente Iratxe Pascualek aurkeztu du azterlana, Donostian, EHUko Praktiken eta Enplegagarritasunaren dekanorde Egoitz Pomaresekin eta LKSko Estrategia eta Prospektibaren aholkulari Iñaki Elzaurdi Calvorekin batera. Ikerlanak erakusten du emakumezkoen zuzendaritza postuen % 27,7 betetzen dituztela, eta administrazio kontseiluen % 24,9. Presidentetza karguetan, ostera, % 14,1eraino murrizten da emakumezkoen portzentajea.
"Datu horiek agerian uzten dute erantzukizun maila eta erabakitzeko ahalmena handitu ahala murriztu egiten dela emakumeen presentzia Gipuzkoako enpresetan", nabarmendu du.
Gainera, azterlanaren arabera, "emakumeen ibilbide profesionalaren ataka nagusia ez da lan merkatuan sartzeko orduan gertatzen, baizik eta lehen erantzukizun postuetatik goi zuzendaritzara eta erabaki organoetara igarotzeko urratsean baizik".
Elkartearen lehen barometroak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa eta LKS Nexten eta EHUren lankidetza izan ditu, eta erakusten du "emakumeen presentzia eskasa bereziki nabarmena dela manufaktura industriako zuzendaritza postuetan, % 6,7ra apaltzen baita kasu horietan emakumezkoen ordezkaritza".