Afiliatuen kopuruak gora egin du urrian EAEn eta Nafarroan, baina langabe kopuruak ere egin du gora
Urrian, 14.524 afiliatu gehiago zenbatu dituzte EAEn eta 2.541 gehiago, Nafarroan. Aitzitik, irailetik urrira langabezia % 2,12 igo da (2.316 langabe) EAEn eta % 2,37, Nafarroan (719 langabe).
Artxiboko argazkia: EFE.
Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Urrian, 14.524 langile afiliatu dira EAEn eta 1.056.141 kotizatzaile daude guztira. Ildo beretik, Nafarroan 2.541 afiliatu gehiago zenbatu dituzte, 327.762 izateraino. Hala ere, langabeziak ere gora egin du: % 2,12 EAEn (2.316 pertsona) eta % 2,37 Nafarroan (719 pertsona).
Gauzak horrela, inoizko afiliatu kopuru handiena zenbatu dute bai EAEn eta baita Nafarroan ere.
Horiek dira langabeziari eta afiliazioari buruz Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak asteazken honetan argitaratu dituzten datu nagusiak.
Iazko urriko datuekin alderatuta ere, gora egin du langabeziak. 3.944 langabe gehiago daude EAEn (% 3,67) eta guztira 111.553 lagun daude Lanbiden izena emanda. Nafarroan langabezia % 7,37 hazi da urtebetean (2.133 pertsona).
2025eko urritik aurtengo urrira, afiliatuen kopurua % 2,37 hazi da EAEn, 24.471 kotizatzaile gehiago baitaude EAEn. Nafarroan, ostera, 10.610 gehiago dira (% 3,35).
Kontratazioari dagokionez, urrian 76.853 kontratu sinatu dira EAEn, horietatik 21.502 mugagabeak. Nafarroari dagokionez, 30.462 kontratu zenbatu dira; 6.739 mugagabeak eta 23.723 aldi baterakoak.
Langabezia eta afiliazioa gora, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Langabeziak EAEko hiru probintziatan egin du gora: Araban % 2,35, (432 pertsona), Bizkaian % 2,15 (1.328 pertsona) eta Gipuzkoan % 1,91 (556 pertsona).
Iazko hilabete berarekin alderatuta, Araban % 2,69 (494 pertsona) hazi da langabezia, % 3,43 (2.087 pertsona) Bizkaian eta % 4,81 Gipuzkoan (1.363 pertsona).
Langabeziaren gorakadarekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioak ere egin du gora. Urrian, 1.959 afiliatu gehiago zenbatu dituzte Araban (% 1,13), 5.243 Gipuzkoan (% 1,53), eta 7.332 Bizkaian (% 1,4).
Iazko urriko datuekin alderatuta, afiliatuen kopurua % 2,94 hazi da Araban, % 2,56 Bizkaian eta % 1,8 Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Urrian inoizko afiliatu kopuru handiena zenbatu izanak (1.056.141 kotizatzaile) euskal lan merkatuaren sendotasuna erakusten du Sara Buesa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordearen arabera. Halaber, onartu du ezohiko erregularizazio prozesua eginiko lagunak laneratzeak eragina izan duela kotizazioen eta langabeziaren igoeran.
Carmen Maeztu Nafarroako Enplegu kontseilariak Nafarroako lan merkatuaren "dinamismoa" nabarmendu du eta urrian erregistratutako langabeziaren igoera ia osoa migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuari egotzi dio.
Langabezia eta afiliazioa gora, Espainian
Afiliazio kopuruari dagokionez, Espainian 22,62 milioi langile zenbatu dituzte urrian, irailean baino 186.612 gehiago. Batez ere, Hezkuntzaren bultzadak eragin du igoera.
Bestalde, 43.128 langabe gehiago zenbatu dituzte urrian, iraileko datuekin alderatuta, pandemiaz geroztik hilabete horretan izan den igoerarik handiena. Guztira, 2,42 milioi pertsona daude langabezian.