eAtlanticek 28 proiektu proposatu ditu Atlantikoko korridorea "ardatz estrategiko" bihurtzeko
Draghi eta Lettaren gomendioak Atlantikoko korridorean nola aplikatu aztertzeko egindako ikerketa baten ondorioak aurkeztu ditu Urkullu lehendakaria buru duen fundazioak.
Iñigo Urkullu lehendakaria da Atlantic fundazioaren presidentea da gaur egun. Irudia: EITB.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen eAtlantic Fundazioak ikerketa baten ondorioak aurkeztu ditu gaur goizean, Europako Batzordeak Madrilen duen egoitzan. Zehazki, Mario Draghi eta Enrico Letta adituek egindako txostenen proposamenak ardatz atlantikoan nola txertatu eta aplikatu aztertu ondotik, horren berri eman dute.
"Merkatu bakarra eta Europako lehiakortasuna: Atlantikoko fatxadaren begirada" izeneko dokumentuak 28 proiektu proposamen biltzen ditu, aipaturiko eremu geografiko hori "oparotasun eremu eta Europako lehiakortasun berriaren ardatz estrategiko bihurtzeko" asmoz.
Planteatutako ekimenak bost arlo estrategiko nagusirekin zuzenki lotuta daude: deskarbonizazioa eta lehiakortasuna, energia, finantzaketa eta finantza merkatu bakarra, berrikuntza, digitalizazioa eta bosgarren askatasuna, eta interkonexioak.
Deskarbonizazioa
Deskarbonizazioari dagokionez, azterlanak jasotzen du ingurumen gaiei erantzun behar diela eta EBren lehiakortasun politikaren parte izan behar duela.
Kapitulu horren barruan, Atlantikoko fatxadan "etorkizun handiena" duen proiektu pilotua mahastizaintza eta ardogintza industriarena dela ondorioztatu du: upeltegiak eta jatorrizko deiturako kooperatibak, hain zuzen ere..
Energia
Energiari dagokionez, gomendioak hiru jarduera ildo nagusitan banatzen dira: itsasoko energia berriztagarri eolikoen hedapena bizkortzea eta energia sistemetan integratzea, industria huben deskarbonizazioa eta balio energetikoko kate berrien integrazioa, eta lege esparrua egokitzea "energia berriztagarrien hedapena eta deskarbonizazio industriala azkartzeko".
Finantzaketa eta finantza merkatu bakarra
Atal honetan, "finantza merkatu bakarraren funtzionamendua zailtzen duten desadostasun nagusiak murriztera bideratutako proiektuak eta ekimenak identifikatu eta adierazten dira".
Mahai gainean jarritako proposamen horien artean daude, besteak beste, zerga ituna (EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Itun Ekonomikoa oinarri hartuta), Atlantikoko Finantza Aliantza edo ordainketen elkarreragingarritasunerako laborategi atlantiko bat.
Berrikuntza, digitalizazioa eta bosgarren askatasuna (ondasun, pertsona, zerbitzu eta kapitalen zirkulazio askea)
Berrikuntzaren, digitalizazioaren eta bosgarren askatasunaren alorrean, fatxada atlantikoko datu zentroen sare interkonektatua sortzea jasotzen du ikerketak. Azterlanaren arabera, horrekin "eskualde atlantikoaren eta Europaren subiranotasun digitala indartuko litzateke, eta ardatz atlantikoa Europa, Latinoamerika eta Mendebaldeko Afrikaren arteko datu trafikoaren interkonexio nodo gisa kokatuko litzateke".
Interkonexioak
Azkenik, interkonexioei dagokienez, hiru proiektu egitea proposatzen du azterlanak, "ardatz atlantikoko energia, logistika eta garraio azpiegituren integrazio funtzionala indartzeko".
Adibide gisa, Atlantic Grids Foresight Iniciative-AGFI proiektua jarri dute. Metodologia komun bat garatzea litzateke helburua, botila lepoak aurretik identifikatzeko, etorkizuneko eskariak aurreikusteko eta inbertsioak lehenesteko.