INDUSTRIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Onnera Group kooperatibak barne prozesua abiatu du Fagor taldetik atera ala ez erabakitzeko

Oraingoz ez dute bozketarako datarik zehaztu, baina inondik inora ere ez dago mahai gainean Mondragon taldea uztea.

Onnera Group kooperatibak Oñatin duen lantegia. Argazkia: Onnera Group.

Mondragon Taldeko Onnera Group kooperatibak barne prozesu bati ekin dio Fagor taldetik irten ala ez erabakitzeko, Onnera Group taldearen iturriek EITBri jakinarazi diotenaren arabera. Hausnarketa giro horretan, idatzi informatibo bat zabaldu dute bazkideen artean, eta epe laburrean bazkideek hartuko dute erabakia, bozketa bidez.

Gaur-gaurkoz, ez dute bozketarako datarik zehaztu. Dena den, kooperatibako iturrien arabera, ez dago aukeren artean Mondragon taldea uztea.

Lehen Fagor Industrial zenak (2013tik Onnera Group) sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako soluzioak eskaintzen ditu. Guztira, zazpi marka edo enpresa ditu: Fagor Professional, Asber, Edesa, Danube, Domus, Primer eta Efficold.

Zazpi fabrikazio lantegi ditu, guztira: Oñatin, Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon. Mundu osoan 2.365 langile dituzte. 2025 amaierako datuen arabera, 432 inguru dira bazkideak eta horiek izango dute azken hitza. 

Fagor taldea, berriz, bederatzi kooperatibak osatzen dute, gaur gaurkoz: Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electronica, Onnera Group, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Assembly, Galbaian eta Fagor Healthcare. 

Ez da Fagor taldetik ateratzea galdetzen duten lehen aldia. 2022an ere galdera hori bera egin zuten eta orduan bertan jarraitzea erabaki zuten. 

Fagor taldeak ez du oraingoz Onnera Group kooperatibak abiatutako barne prozesuari buruzko adierazpenik egin. 

Pasa den astean, hain justu, Felipe VI.a Espainiako erregeak Onnera Group kooperatibaren instalazioak bisitatu zituen, Oñatin. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X