Confebaskek eta beste lau enpresa-erakundek herri itun bat proposatu dute EAEn lehiakortasuna indartzeko
Confebaskek, Euskal Enpresarien Zirkuluak, AFMk, ASLEk eta Elkargik epe luzerako akordio bat proposatu dute, erakundeak, alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte zibila inplikatuko dituena erronka industrialei, teknologikoei eta demografikoei aurre egiteko.
Industriako langile bat. Argazkia: EITB.
Euskal Autonomia Erkidegoko bost enpresa-erakundek adierazpen bateratu bat sinatu dute "Euskadiren Eraldaketa Lehiakorrerako eta Etorkizuneko Ongizaterako Herri Ituna" proposatzeko. Confebaskek, Euskal Enpresarien Zirkuluak (CEV), Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM), ASLEk eta Elkargik sinatutako dokumentuak konpromiso egonkor bat eskatzen du, ziklo politikoak gaindituko dituen estrategia partekatu bat zehazteko.
Sinatzaileen ustez, EAE "eraldaketa sakoneko" une batean dago, eta horrek eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza berritzea eskatzen du. Lurraldeak enplegua, per capita errenta eta gizarte-kohesioan, berbarako, "ondo" dagoela nabarmendu arren, mehatxuak ere badaudela ohartarazi dute. Besteak beste, AEBren eta Txinaren aldean ekoizpenean behera egitea, nazioarteko lehia eta aldaketa teknologikoen bizkortzea aipatu dituzte.
Industriak funtsezko lekua du diagnostikoan. Erakundeek onartzen dute euskal ekonomiaren eragile nagusia izaten jarraitzen duela, baina "gero eta zailtasun gehiago" dituela parean. Halaber, energia kostuen igoera, erregulazio eskakizunak, berrikuntzan inbertitzeko zailtasunak eta enpresa sarearen zati baten dimentsio mugatua aipatzen dituzte nazioarteko merkatuetan lehiatzeko oztopo gisa. Ildo horretan, enpresa berriak bultzatzeko beharra, eta enpresa proiektuen errotzea eta horien hazkundea erraztea defendatzen dute.
Dokumentuak arreta bereziz jorratzen ditu erronka demografikoa eta profesionalen presentzia. Aurreikuspenen arabera, jaiotzeen eta heriotzen saldoa negatiboa izango da, eta 167.000 herritar gutxiago izango ditugu horrengohamarkadetan. Sinatzaileen arabera, bilakaera horrek zaildu egingo du enpresen beharrak asetzea eta ongizate-ereduari eustea. Horrez gain, belaunaldien arteko erreleboa, prestakuntzaren eta lan-eskariaren arteko desorekak eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko zailtasunak aipatzen dituzte. Halaber, etxebizitzaren arazoak gazteen emantzipazioa eta beste lurralde batzuetako langileen etorrera zailtzen duela azpimarratu dute.
Adierazpenean jasotako beste puntuetako bat lan-absentismoarena da, enpresa-eremua gainditzen duen arazoa dela iritzita. Hori horrela, beharrezko jotzen dute horren kausak aztertzea. Halaber, lan-kostuak, produktibitatea, lan-harremanak eta zerga-politika bateragarri egitea ahalbidetuko duen esparru "egonkor" bat lortzeko beharra planteatzen dute.
Beren proposamena justifikatzeko, sinatzaileek 80ko eraldaketa industrialaren esperientziari eta 90eko hamarkadako ondorengo berrindustrializazioari egin diete erreferentzia. Uste dute garai hark erakutsi zuela Euskadik eraldaketa ekonomikoak gainditzeko gaitasuna duela, adostasun instituzionalaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Prozesu hartatik sortu ziren, gogora ekartzen dutenez, egungo euskal eredu ekonomikoa eratzen lagundu zuten sare teknologikoa eta industria-politika.
Ekimenak lankidetza hura berreskuratu nahi du, parekoa izan omen daitekeen eraldaketa bati aurre egiteko. Proposatutako itunean parte hartzeko aukera izango dute alderdi politikoek, erakundeek, enpresek eta sindikatuek, langileek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta gizarte zibilak. Adierazpenean jasotzen denaren arabera, helburua epe luzerako ikuspegi partekatu bat eraikitzea da, lehiakortasuna indartzeko, kalitatezko enplegua sortzeko, berrikuntza bultzatzeko eta hurrengo belaunaldien "oparotasun partekatua", gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko.