Greba "eragin handia" izaten ari da Osakidetzan, sindikatuen arabera
Gaurko lanuztea SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute, langile guztientzako lan-baldintza hobeak eskatzeko. Euskadiko Medikuen Sindikatua deialdi honetatik kanpo geratu da, Osasun Sailarekin medikuentzako akordio esklusibo bat itxi baitzuen.
Osakidetzako greba "eragin handia " izaten ari da ospitaleetan, osasun-zentroetan eta osasun-zerbitzuetan, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Gaurko lanuztea SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitu dute, langile guztientzako lan-hobekuntzak eskatzeko. Euskadiko Medikuen Sindikatua (SME) deialdi honetatik kanpo geratu da, Osasun Sailarekin medikuentzako akordio esklusibo bat itxi baitzuen.
Deialdia egin duten sindikatuen iturriek adierazi dutenez , "zerbitzu anitz itxita daude, ohiko jarduerarik gabeko kontsultak daude" eta "erizaintzako eta beste osasun-zerbitzuetako profesionalen artean jarraipen handia izaten ari da".
Ospitale-arretan adierazi dutenez, Araban grebak eragin handiagoa izan du Pediatriako kanpo-kontsultetan eta Txagorritxuko Ospitaleko laborategi eta analisi klinikoen zerbitzuan, besteak beste, baita Santiago Ospitaleko ebakuntza-geletan ere.
Halaber, Donostia Unibertsitate Ospitalean adierazi dute kanpo-kontsulten % 75-80k ez dutela erizaintzako langilerik.
Lehen Mailako Arretari dagokionez, sindikatuen arabera, anbulatorio batzuetan, San Martingo eta Zabalganakoetan esaterako, administrazioko eta erizaintzako langile guztiek egiten dute bat grebarekin.