Kutxabankek 638,9 milioi euroko irabaziak izan zituen irailera arte, iaz baino % 38,4 gehiago
Kutxabankek ohar batean nabarmendu duenez, emaitza garbiaren % 70 dibidendura bideratu du. Hain zuzen ere, dibidendu hori fundazioko akziodunen artean banatu du, gizarte ekintza garatzeko.
Kutxabankek 638,9 milioiko irabazi garbiak izan ditu irailera arte. Horrenbestez, % 38,4 handitu ditu etekinak, iazko datuekin alderatuta.
Finantza erakundearen esanetan, negozioaren sendotasunak eta bere ildo estrategiko nagusien errendimenduak lagundu dute horretan.
Urtarriletik irailera bitartean, % 8,8 handitu du kreditu zorroa, bai eta bezeroen baliabideak ere — gordailuak eta balantzetik kanpoko baliabideak —. Izan ere, % 8,8 igo dute urte arteko negozio bolumena, 157.775 milioi euroraino.
Kutxabankek ohar batean nabarmendu duenez, emaitza garbiaren % 70 dibidendura bideratu du. Hain zuzen ere, dibidendu hori fundazioko akziodunen artean banatu du, gizarte ekintza garatzeko. Bestalde, diru sarreren % 83 soldaten, hornitzaileei egindako erosketen, zerga ordainketan eta dibidendu sozialean bidez itzultzen dio gizarteari.
Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, bankuak finantziazio berriko 3.160 milioi euro eman dizkie bezero partikularrei, etxebizitza bat erosteko. Horretaz aparte, kontsumorako maileguak % 19,7 handitu dira, 730 milioi euroraino.
Datu horiekin batera, Kutxabank jakinarazi du gaur egun bezeroen % 70 banku digitalean daudela.
Horiek horrela, Europako Banku Zentralak gainbegiratzen dituen bankuen artean kaudimen eta berandutze ratio onenak ditu Kutxabankek; % 21ekoa izan da kaudimena irailean, eta % 0,88koa berandutzea.