GARRAIO PUBLIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

788,5 milioi euroko plana onartu du Bizkaiak Metro Bilbao modernizatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana finantzatuko dute proiektua. Metroko 37 tren zaharrenak berrituko dituzte, edukiera % 12 handitzeko eta segurtasuna nahiz gorabeherei erantzuteko gaitasuna hobetzeko.

Usuarios en la estación de metro de Sarriko de Metro Bilbao. EFE/Luis Tejido

Bizkaiko Foru Aldundiak 788,5 milioi euroko finantza-plana onartu du Metro Bilbao modernizatzeko. Proiektuak tren-flota berritzea, seinaleztapen-sistema eguneratzea eta aginte-postu nagusia modernizatzea aurreikusten du, segurtasuna, energia-eraginkortasuna eta gorabeherei erantzuteko gaitasuna hobetzeko.

Inbertsioa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana finantzatuko dute. Foru-erakundeak plana onartu du, eta orain Jaurlaritzak dagokion izapidea onartzea falta da. Hala jakinarazi du asteazken honetan Leixuri Arrizabalaga foru-aldundiko bozeramaileak.

Tren berriek % 12 handituko dute edukiera

Proiektuaren jarduera nagusietako bat Metro Bilbaoko 37 tren zaharrenak berritzea izango da. Bost kotxeko tren berriak jarriko dituzte haien ordez, eta horri esker, edukiera % 12 handituko da.

Tren berriak aluminiozkoak izango dira, eta ate zabalagoak izango dituzte. Gainera, energia-kontsumoa % 20 inguru murriztuko dute, eta inpaktu-zarata % 15 eta % 20 artean gutxituko dute.

Seinaleztapen-sistema berria, segurtasuna hobetzeko

Seinaleztapen-sistema ere modernizatuko dute. Horretarako, komunikazioetan oinarritutako tren-kontrolerako teknologia berria ezarriko dute.

Sistema horri esker, tren baten eta hurrengoaren arteko gutxieneko tartea murriztu ahal izango dute. Horrez gain, zirkulazioaren segurtasuna hobetu eta gorabeherei azkarrago erantzuteko aukera emango du.

Aginte-postu nagusia ere berrituko dute

Metro Bilbao osoa denbora errealean kudeatzen duen aginte-postu nagusia modernizatzea ere aurreikusi dute. Horretarako, ustiapen-software berria ezarriko dute, zerbitzua antolatzeko malgutasun handiagoa izateko.

Besteak beste, ibilbide partzialak eta anezka-zerbitzuak antolatu ahal izango dituzte, une bakoitzeko beharretara egokitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X