Europako Banku Zentraleko presidente Christine Lagardek agintaldia bete baino zortzi hilabete lehenago utziko du kargua
Datorren urteko urriaren amaiera arte egon behar zuen karguan, baina 2027ko otsailaren 7an bukatuko du agintaldia. Europar Batasunak gaur bertan hasiko du Christine Lagarderen ondorengoa izango dela hautatzeko pzoesua.
Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente Christine Lagardek Gobernu Kontseiluari eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteari jakinarazi die 2027ko otsailaren 7an kargua utziko duela.
Lagardek datorren urteko urriaren amaierara arte egon behar zuen karguan, orduan betetzen baitu bere agintaldia.
EBZk ohar labur batean esan duenez, "presidente berria Europako Kontseiluak izendatuko du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari jarraikiz".
Gobernu Kontseiluak bere esker ona adierazi dio Lagardeari, eta txalo zaparrada luze batekin "agurtu" dute.
Gaur abiatuko du EBk Lagarde ordezkatzeko prozesua
Europar Batasunak gaur bertan hasiko du Christine Lagarderen ondorengoa izango dela hautatzeko pzoesua. Europako Kontseiluko presidente Antonio Costak eman du horren berri, sare sozialen bidez zabaldu duen mezu batean.
"Trantsizioa errez joan dadin, gaur bertan hasiko dugu prozesua", idatzi du Portugalgo lehen ministro ohiak.
"Bere agintaldian zehar, Europako Bankua ardura handiz zuzendu du. Europa ondo zaindu du ziurgabetasun garaietan, eta Europarekiko konpromiso etenezina erakutsi du", esan du Costak.
Era berean, nabarmendu du Lagardek "gestio egonkorra eta ausarta" ziurtatu duela garai kritikoenetan ere; "besteak beste, koronabirusaren pandemian, Ukrainako gerran, krisi energetikoan eta inflazioaren une latzenetan. Frantziako politikak egonkortasuna eta erresilientzia izaten lagundu dio euroguneari", amaitu du.