EH Bilduk irabaziko lituzke azaroaren 29ko hauteskundeak EAEn, Soziometroaren arabera
Koalizioak 7 eserleku lortuko lituzke (2023an baino bi gehiago). PSE-EE izango litzateke bigarren indarra, 5 eserlekurekin (oraingo kopuru bera), eta EAJ hirugarren geratuko litzateke, 4 eserlekurekin (bat gutxiago). PPk, laugarren postuan, 2 eserlekuak mantenduko lituzke.
Hauteskunde Orokorretarako boto-aurreikuspenaren Soziometroaren arabera, EH Bildu izango da aukera bozkatuena Euskal Autonomia Erkidegoan, baita eserleku gehien lortuko dituena ere. Koalizioak botoen % 29,1 eta 7 eserleku lortuko lituzke, hau da, 2023an EAEko hiru barrutietan lorturtutakoak baino bi gehiago.
Prospekzioak bigarren postuan jarri du PSE-EE, botoen % 24,7 eta 5 eserleku eskuratuta. 2023an lehenengo indarra izan zen, eserleku kopuru berarekin.
EAJ hirugarren izango litzateke azaroaren 29ko hauteskundeetan, botoen % 21,9 eta 4 eserleku lortuta. Beraz, bigarren indarra izatetik hirugarrena izatera igaroko litzateke, Kongresuan aulki bat galduta.
Soziometroak laugarren postuan jarri du PP, botoen % 12,6 eta 2 eserlekurekin. 2023ko lortutako diputatu kopuru bera da hori.
Fronte Zabalak ez luke ordezkapenik lortuko EAEtik, botoen % 4rekin. Aurrekoetan, Sumarrek diputatu bat eskuratu zuen. Voxek (% 4,8) eta Podemosek (% 1,5) ere ez lukete eserlekurik lortuko.
Berdinketa Araban, PSE-EE aurretik
Araban, lau indar politikoek eserleku bana lortuko lukete, hurrenkera honetan: PSE-EE (% 27,9), EH Bildu (% 23,7), PP (% 19,7) eta EAJ (% 15,1). Horrela, 2023ko ordezkaritza eta ordena berak errepikatuko lirateke.
EH Bilduk lehenengo postua lortuko luke Bizkaian
Bizkaian, Soziometroak EH Bilduri eman dio boto eta eserleku kopuru handiena: 3 ordezkari, % 25,9rekin. PSE-EEk (% 25) eta EAJk (% 24,7) bina eserleku lortuko lituzkete, eta PPk 1, botoen % 13rekin. Beraz, koalizio subiranistak eserleku bat irabaziko luke, eta Fronte Zabalak Sumarren aulkia galduko luke.
EH Bilduren garaipen argia Gipuzkoan
Gipuzkoan, EH Bildu izango litzateke lehen indarra, botoen % 36,9 eta 3 eserleku lortuta. PSE-EE izango litzateke bigarrena, % 22,8 eta 2 ordezkarirekin, eta EAJk botoen % 20,3 eta eserleku 1 lortuko lituzke. Aurreko hauteskunde orokorretako emaitzekin alderatuta, EH Bilduk eserleku bat gehituko luke eta EAJk bat galdu.