Getxok 7,70 euroko tasa turistikoa kobratuko die gau bakoitzeko gurutzaontzien bidaiariei
Erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen dutenek, ostera, 7,15 euroko tasa ordaindu beharko dute.
Getxoko Udalak, behin-behinean, Getxoko Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza Fiskala onartu du. Ordenantza horren arabera, Udalak 7,70 euro kobratuko dizkio gau bakoitzeko gurutzaontzien terminalean porturatutako bidaiari bakoitzari, eta 7,15 euro erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen duenari.
Ostegun honetan egindako osoko bilkuran, gobernu-taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdietako ordezkariek, Elkarrekin Podemosekin batera, tasa turistikoari buruzko ordenantza berria bozkatu dute. PPk kontra bozkatu du eta EH Bildu abstenitu egin da; azken horrek hiru zuzenketa proposatu ditu, baina baztertu egin dira.
Urtarrilaren 1etik aurrera, Getxon gehien ordainduko duten turistak gurutzaontzietako bidaiariak izango dira, eta 7 euro ordaindu beharko dituzte gau bakoitzeko; erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen dutenek, berriz, 6,5 euro ordainduko dituzte pertsona eta gau bakoitzeko. Kopuru horiei % 10eko errekargua gehitu behar zaie, 750 ostatu-plaza baino gehiago dituzten udalerrietarako foru arauak jasotzen duenez.
Udalerri horretako apartamentu turistikoak aukeratzen dituzten bidaiariek 3,5 euro ordainduko dituzte. Hoteletan, berriz, tasa baxuagoak aplikatuko dira: 4,50 euro 5 izarreko hoteletan; 3,5 euro 4 izarreko hoteletan; eta 1,5 euro 3 izarreko hoteletan.