Eusko Jaurlaritzak 8 urtera arte luzatuko ditu hirugarren seme-alabatik aurrera eta guraso bakarreko familientzat ematen dituen laguntzak
Nerea Melgosa sailburuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren 2027ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du, 344,2 milioi eurokoa.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak astearte honetan aurkeztu du bere sailaren 2027rako aurrekontu-proiektua, 344,2 milioi eurokoa.
Azaldu duenez, 160,97 milioi euro bideratuko dira seme-alabengatiko laguntzetara eta kontziliaziora. 2026an laguntzak umeak lau urte bete arte luzatu ondoren, 2027an zortzi urte bete arte luzatuko dira hirugarren eta hurrengo seme-alaben eta guraso bakarreko familien kasuentzat. Familiei eta Haur eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Planaren jarraipenak 67.000 euro izango ditu.
Gazteen emantzipaziorako Emantzipa programak 26,7 milioi euro izango ditu, eta horietatik 10,04 milioi 2027ko deialdiari dagozkio. GazteAvalek 1,87 milioi izango ditu lehen ohiko etxebizitza eskuratzea erraztuko duten abalak gauzatzeko.
Egoera ahulenean dauden pertsonen ongizate materiala indartzeko, Melgosaren sailak ia 65 milioi euro bideratuko ditu. Halaber, 41 milioi baino gehiago bideratuko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL), 14,3 milioi bonu termikorako, 2,85 milioi genero eta sexu indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzetarako, 4,04 milioi Oinarrizko Laguntza Materialerako Programarako eta 1,5 milioi oinarrizko beharrizanetarako eta pobrezia energetikoari aurre egiteko. Gainera, bazterkeria larriari aurre egiteko 1,5 milioi euro erabiliko dira.
Aurkezpenean, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko egingo dituzten inbertsio eta ekimen guztiak puntuz puntu azaldu ditu Melgosak. "Aurrekontu arduratsu batek ez ditu baliabideak bakarrik esleitzen: helburu argietara bideratzen ditu eta emaitzak ebaluatzen ditu herritarren bizitza hobetzeko", laburbildu du sailburuak.
Pertsona guztiak ondo egoteko, ondo sentitzeko eta ondo bizitzeko aukera izango duen Euskadi bat defendatu du Melgosak, segurtasun materialarekin eta komunitatean bizitzeko proiektuak garatzeko laguntza eta aukerekin.