AURREKONTUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Segurtasun Sailak 892 milioiko aurrekontua izango du, "herritarren askatasuna eta segurtasuna bermatzea helburu"

Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian azaldu duenez, segurtasun eta larrialdi sistema osorako gaitasunak "indartuko" dira, "bereziki Ertzaintzarenak".

Bingen Zupiria Segurtasun sailburua aurrekontuak
Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Irudia: EITB

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 892,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurten baino % 5,4 handiagoa. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak bere sailaren aurrekontuak aurkeztuko ditu asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Miriam Anitua Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria alboan baduela.

Zupiriaren esanetan, euskal herritarrek "ziurtasuna" eta "segurtasuna" eskatzen dituzte, eta horri "erantzutea" dagokio Segurtasun Sailari: "Oinarrizko eskubideak eta giza eskubideak bermatzea, eta gure kaleetako ordena eta segurtasuna zaintzea".

Sailburuaren arabera, Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun eta larrialdi sistema osorako gaitasunak "indartuko" ditu, bereziki Ertzaintzarenak. 

Ertzaintza

Segurtasun Sailak guztira 674,4 milioi euro bideratuko ditu giza kapitala indartzera, eta horietatik 657,3 milioi euro Ertzaintza Zerbitzuan programari dagozkio.

Halaber, 28,2 milioi euro inbertituko dira Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara. Arkautiko Akademiaren garrantzia nabarmendu du Zupiriak elkarteak: "Bertan jaso behar dute beharrezko prestakuntza Ertzaintzara, udaltzaingoetara, larrialdi sistemetara edo suhiltzaile taldeetara sartzen diren profesional berriek".

Horrez gain, Segurtasun Sailak Enplegu Plana garatzen jarraituko du 2030erako 8.000 ertzain izatea lortzeko.

Bestalde, 142,47 milioi euro Ertzaintza "modernizatzeko" erabiliko dira. Adibidez, 10,5 milioi ibilgailuak eta ontzien flota berritzeko bideratuko dira, 4,4 milioi uniformeak berritzeko eta 1,3 milioi txaleko, kasko eta babes ekipamenduetarako.

Modernizazio teknologikoa, zibersegurtasuna eta larrialdiak

Segurtasun Sailak 47,77 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an segurtasun eta larrialdi sistemarako komunikazio seguruak hedatzeko (ENBOR sarea).

Zibersegurtasunari dagokionez Zupiriak adierazi duenez, “gure sareak, enpresak, funtsezko zerbitzuak eta herritarren datuak babestea gure kaleak babestea bezain garrantzitsua den erantzukizuna da gaur egun. XXI. mendeko segurtasunak arlo digitalean ere jardutea eskatzen du”. Hori dela eta, Cyberzaintzaren aurrekontua % 13 handituko da, 7,26 milioi eurora iritsi arte. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2026an itsas salbamenduaren eskumena bere gain hartu ondoren, larrialdiei arreta emateko aurrekontua % 75,4 handituko da, 11,4 milioi eurora iritsi arte. Diru hori ontziak berritzekO, komunikazio sistemak hobetzeko eta euskal kostaldean gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko gaitasuna indartzeko erabiliko da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X