KOLDO AUZIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Koldo auziko pieza berrian atxilotutako sei lagunak aske utzi ditu Guardia Zibilak

Atxilotuen artean Andrea de la Torre zegoen, Jose Luis Ábalosen bikotekidea, baita Cristian Corvillo ere. PPren arabera, Corvillo Pedro Sanchezen gidaria izan zen 2017ko primarioetan. Operazioa Koldo auziaren pieza bereizi eta sekretu berri baten inguruan egin dute.

MADRID, 27/11/2025.- El exministro José Luis Ábalos a su llegada este jueves al Tribunal Supremo donde el juez Leopoldo Puente celebra dos vistillas en las que estudiará si envía a prisión provisional al exministro José Luis Ábalos y a su exasesor Koldo García, que afrontan una petición de la Fiscalía de 24 y 19 años y medio de cárcel, respectivamente. EFE/Javier Lizón
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiaren artxiboko irudi bat.

Guardia Zibilak aske utzi ditu ostegun honetan UCO Ikerketa Unitate Zentralak atxilotutako sei pertsonak, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak ikertzen duen Koldo auziaren pieza bereizi berriaren barruan, ikerketatik gertuko iturriek adierazi dutenez. Moreno epaileak atzo arratsaldean ireki zuen auzi berri hau, obra publikoen truke, ustez, ordaindu diren eskupekoen ikerketarekin lotuta.

Atxiloketak Madrilen, Kordoban, Valentzian eta Sevillan egin dira. 

Operazio berri honetan, Guardia Zibileko agenteak goizean goiz agertu dira José Luis Ábalos ministro ohiaren Valentziako etxebizitzan, informazioa biltzeko eta haren egungo bikotekideari, atxilotu duten Andrea de la Torrei, deklarazioa hartzeko. Ábalos bera espetxean dago egun, auziaren adar nagusian (maskaren iruzurra) 24 urteko espetxe-zigorra betetzen.

Atxilotutako beste pertsona bat Cristian Corvillo da. PPren arabera, Pedro Sanchezen auto-gidaria izan zen 2017an. PSOEk Kordoban duen zuzendaritzak ziurtatu du Corvillo enpresaburua eta alderdiko militante arrunta dela, eta alderdiak ez diola inoiz soldatarik ordaindu inolako zereginengatik. Espainiako Gobernuko presidenteak, bere aldetik, adierazi du atxilotuek ez dutela "zerikusirik" berarekin.

Auzitegi Gorenean ebatzi zen Koldo auziaren zatian epaitu zuten Corvillo, baina ez dute espetxean sartu, lau urte eta erdiko zigorra etenda duelako, justiziarekin kolaboratu izanagatik.

UCOko agenteak Adifen (Madril) eta Grupo Azviren (Sevilla) egoitzetara ere joan dira, dokumentazioa eskatzeko eta jasotzeko. Azken enpresa horrek azpiegiturak eta obra publikoak eraikitzen ditu, eta trenbide-arloan ere jarduten du. Biek komunikatuak kaleratu dituzte, "agenteei beren lana egiten laguntzeko lankidetza osoa" eskaintzen ari direla adierazteko.

PSOEk azalpenak eskatu dizkio PPri, Koldori ustez egindako ordainketagatik

Operazioa bat etorri da Cadena SER irrati-kateak Koldo Garciari buruz ostegun honetan argitaratutako informazioarekin. Horren arabera, Garciak akordio bat adostu zuen 2025eko maiatzean PPko zerbitzu juridikoen buru Alberto Duranekin. Horren bidez, alderdiak haren familiari babes judiziala bermatzeaz gainera, abokatuen gastuak ordaindu eta milioi bat euro emango zizkion. Trukean, Pedro Sanchez presidentearen eta haren inguruko pertsonen aurkako testigantzak eman behar zituen, "gezurra esanez ere bai".

PPk ukatu egin du ustezko eskaintza ekonomikoa egin izana, eta PSOEk azalpenak eskatu dizkio Alberto Núñez Feijoo buruzagi popularrari.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X