Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
Idatzian, Espainiako presidente ohiak Jose Luis Calama epaileari galdegin dio erreguzko mandatua egin diezaiola Saudi Arabiari esandakoa egiaztatzeko.
Espainiako Gobernuko presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok idatzi bat igorri dio Plus Ultra auziko epaileari, jakinarazteko bere bulegoko kutxa gotor batean aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an. Hori horrela, galdegin dio erreguzko mandatua egin diezaiola Saudi Arabiari esandakoa egiaztatzeko.
PSOEko buruzagi ohiak Jose Luis Calama epaileari bidali dio idatzia, eta bertan adierazten du Abdullah bin Abdulaziz Al-Saudek (hilda dago) eman zizkiola bitxiak 2007ko ekainean, Moncloa Jauregian.
Zehazki, hiru bitxi sorta dira: lepokoekin, eskumuturrekoekin, eraztunekin eta belarritakoekin osatutakoak. Sorta bateko bitxiak errubiak dira; beste batekoak esmeraldak, eta hirugarren sortakoak, zafiroak.
Idatzian, Zapaterok azaldu du begiruneagatik onartu zituela bitxiak, eta familiako beste bitxi batzuekin eta lagunek egindako zenbait oparirekin gorde zituela "erabili gabe eta zenbat balio zuten jakin gabe". Ansorena bitxi-dendak, baina, kalkulatu zuen 1,3 milioi euroko balioa zutela.
Zapateroren defentsak, bestalde, barkamena eskatu du bitxien gaineko azalpenak lehenago ez emateagatik. Izan ere, Calama epaileak hiru eguneko epea eman zion Espainiako presidente ohiari horren gaineko dokumentazioa aurkezteko.
Bien bitartean, bitxiekin gertatutakoaren harira, delitu fiskalagatik eta kontrabandoagatik ari dira ikertzen Zapatero.