"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Sarek gogora ekarri du, halaber, gaur egun 112 preso daudela zigorra betetzen. Bilboko ekitaldia igarota, beste hainbat hitzordu deitu dituzte aste honetarako, "Helmuga denak etxera" lelopean: asteazkenean Baionan egingo da; ostegunean, Gasteizen, eta ostiralean, Iruñean eta Donostian.
Urtarrilaren 9an egingo duen manifestazioan parte hartzera deitu du Sare Herritarra plataformak, Bilbon egin duen ekitaldian, eta gogora ekarri du gaur egun 112 preso daudela zigorra betetzen.
Agerraldian, nabarmendu dute 2027ko urtarrilekoa orain arteko deialdi "jendetsuena" izatea lortu nahi dutela, bai eta presoen askatasunaren alde egiteko antolatzen duten azkena izatea ere.
Bilboko ekitaldia igarota, hainbat hitzordu deitu dituzte aste honetarako, "Helmuga denak etxera" lelopean: asteazkenean Baionan egingo da; ostegunean, Gasteizen, eta ostiralean, Iruñean eta Donostian.
Prentsaurrekoan, Sarek azaldu du 112 preso horietatik 73 hirugarren edo bigarren graduan daudela, espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarrita.
Era berean, esan dutenez, 39 preso "ez dira espetxetik ezertarako atera", nahiz eta kartzelan "urte mordoa" daramatzaten. Bestalde, "13 erbesteratu eta 3 deportatu" daudela azpimarratu dute.
Sareren arabera, "preso gehienek, espetxean igaro duten denboragatik, erantzukizun zibilagatik edota espetxean izan duten jokabideagatik, etxean egon beharko lukete".
Zentzu horretan, onartu dute "aurrerapauso garrantzitsuak" eman direla; hala nola urruntze politikaren, lehen graduko zigorren eta isolamendu ziegen amaiera.
"Asko aurreratu dugu, batez ere Eusko Jaurlaritzak espetxeen gaineko eskumena bereganatu zuenetik", adierazi dute.
Horiek horrela, Sarek argi utzi du bere helburuak "erabat bateragarriak" direla "biktima guztiekiko errespetuarekin, elkartasunarekin eta babesarekin", eta bizikidetzarako bidean aurrera egiteak min hori aitortzea eta errespetatzea eskatzen duela.