Begoña Gomezen kontrako ahozko epaiketa hasteko agindu du Peinado epaileak, dirua bidegabe erabiltzea eta eraginen trafikoa egotzita
Herri epaimahai batek epaituko ditu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea eta Cristina Alvarez horren aholkularia. Peinadok bi urte pasatxoko ikerketa amaitu du, horrenbestez. Moncloako iturriek erabakia "gaitzetsi" egin dute.
Gomez, artxiboko argazki batean. Europa Press
Juan Carlos Peinado epaileak autoa kaleratu du Begoña Gomezen Pedro Sanchezen emaztearen eta Cristina Alvarez horren aholkulariren aurka ahozko epaiketa hasteko erabakiarekin. Herri epaimahaiarekin izango da epaiketa. Gomezi bi delitu egotzi dizkio epaileak: dirua bidegabe erabiltzea eta eraginen trafikoa; Alvarezi, bakarra, bidegabeko eralgitzea.
Erabakia erretiroa hartzen duen astean hartu du Peinadok, eta bi urte eta erdiko instrukzio fasea bukatu du, horrenbestez. Manos Limpias ultraeskuineko elkarteak aurkeztutako salaketa bat du oinarri auziak.
Auzipetuei ez die kautelazko neurririk ezarri, baina agindu du Gomezen "ahalmen ekonomikoa" ikertzeko (azken bost errenta aitorpenak bidaltzeko eskatu du), ezar dakiokeen isun ekonomikoa zehazte aldera.
Era berean, epaitegiaren eta Madrilgo Lurralde Auzitegiaren esanetara egoteko "betebeharra" gogorarazi die biei, "une oro". Orain Madrilgo Auzitegiari dagokio epaiketaren data zehaztea.
Moncloak erabakia "gaitzetsi" du
Autoa ezagutu eta gutxira heldu da Espainiako Gobernuaren lehen irakurketa. Moncloako iturriek ahozko epaiketa egitea "gaitzetsi" dute. Horien ustez, "instrukzio osoan argi eta frogatuta geratu da errugabea dela, eta "epaiketan ere horrela izango dela" uste dute. Nabarmendu dutenez, epaimahaia "inpartziala" izango delakoan eta "justizia egingo" duelakoan daude.
Iturriok salatu dute "instrukzioa arbitrarioa eta bidegabea" izan dela, eta "Begoña Gomez Pedro Sanchezen emaztea delako" jazarri dutela juridikoki.
Espainiako Gobernuaren aburuz, "onartezina" da autoa Sanchez atzerrian dela —New Yorken dago, NBEren batzar nagusiaren harira— jakinaraztea.
"Instrukzio honetan asmo politikoa, jazarpena eta deshumaninazioa izan dira lege, zalantzarik ez dago", azpimarratu dute.