Zapaterok deliturik egin izana ukatu du epailearen aurrean: "Egia nagusituko da, eta zalantzan daudenei konfiantza itzuliko diet"
Espainiako Gobernuko presidente ohia eraikinaren atari nagusitik sartu da, eta hiru orduz deklaratu du. Ondoren zabaldu duen oharrean, errugabea dela berretsi du: "Mingarriena da jakitea jende asko etsita senti daitekeela, nitaz esaten direnak sinesten baditu".
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak ukatu egin du Plus Ultra airelinearen alde eragiteko inolako esku hartzerik izan duela. Hala adierazi du Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean egindako deklarazioan, iturri juridikoek jakinarazi dutenez. Deklarazioa amaitu ondoren, ohar bat zabaldu du, eta horretan errugabea dela azpimarratu du.
“Gehiago edo gutxiago kostatuko zaigu hori frogatzea, baina egia nagusituko da, eta gaur zalantza egiten dutenek berriz ere nigan konfiantza izatea lortuko dut”, adierazi du.
Zapatero gaur goizeko 09:12an hasi da deklaratzen, eta 11:00k arte erantzun die epailearen galderei. Orduan etenaldia egin dute, eta ondoren berriro ekin dio deklarazioari.
Presidente ohiaren agerraldia 12:28 aldera amaitu da, ia hiru orduz epailearen aurrean egon ondoren. Calamak Plus Ultra auziari buruz galdetu dio. Airelineak 53 milioi euroko diru laguntza publikoa jaso zuen 2021ean, eta presidente ohiari egozten zaio enpresaren alde egin izana, komisioen truke eta eragin trafiko sare baten buru zela.
Ikertutako delituak
Lehenik, epailearen galderen inguruan erantzun du, eta ondoren haren abokatu Victor Morenoren galderei. Auzian eragin trafikoan jardutea, erakunde kriminalen parte izatea, dirua zuritzea eta dokumentuak faltsutzea ikertzen ari dira. Horrez gain, epaileak duela gutxi zerga delitua eta kontrabandoa ere egotzi dizkio, haren bulegoko kutxa gotor batean gordeta zituen eta Poliziak atzemandako ia 80 bitxirekin lotuta. Bitxi horiek 1,3 milioi euroko balioa dutela kalkulatu dute.
Deklarazioan Fiskaltza eta herri akusazioa bertan dira; azken hori Alderdi Popularrak ordezkatzen du. Akusazioen aldetik, Alberto Duran abokatua izan da aretora sartzeko aukera izan duen bakarra. Iturrien arabera, sartu aurretik abokatuek telefono mugikorrak kanpoan utzi behar izan dituzte.
Inputazioaren berri zabaldu zenean egin bezala, Zapaterok berriro azpimarratu du ez duela inolako administrazio publikoren aurrean esku hartu Plus Ultraren alde. Horrela, ikerketaren hipotesi nagusia ukatu egin duela diote iturri juridikoek.
Bere errugabetasuna defendatu arren, epaileak eragin trafiko sare baten "erpinean" kokatu du. Epailearen ustez, Zapaterok "maila handiko harreman instituzional eta enpresarialak" jarri omen ditu sare horren zerbitzura, hirugarrenen aldeko erabakiak eta abantailak lortzeko; bereziki, Plus Ultraren alde.
Zapatero 08:48an iritsi da Auzitegi Nazionalera. Eraikinaren sarrera nagusitik sartu da, epaileek erabiltzen duten atetik, eta ez bisitarientzat ohikoa denetik. Gobernuko Presidentetzak hala eskatuta egin du, eta Auzitegi Nazionalak baimena eman dio.
Borondatezko baimen unibertsala
Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren zabaldu duen oharrean, Zapaterok adierazi du epaitegiari "borondatezko baimen unibertsala" aurkeztu diola, haren izenean zuzenean nahiz zeharka dagoen sozietaterik, dirurik, finantza produkturik eta bestelako aktiborik ez duela egiazta dezan.
"Nik egin ez ditudan delitu oso larriak egozten dizkidate. Beti jokatu dut duin eta zintzo, eta orain hori frogatzeko lana dut aurretik. Erabateko gardentasunez eta konfiantza osoz egingo dut", nabarmendu du.
Ikusmina auzitegian
Zapatero Auzitegi Nazionalera iritsi denean, ehunka kazetari zituen zain, bai Estatukoak, bai nazioartekoak. Izan ere, inoiz inputatu gisa deklaratu behar duen lehen presidente ohia da, eta ikusminak muga guztiak zeharkatu ditu.
Auzitegiaren kanpoaldean Hazte Oir eskuin muturreko elkartearen jarraitzaileak ere izan dira, Zapateroren aurkako aldarriak oihukatzen, eta, paraleloan, kontrastea ekarri duen pasadizo bat: Retiro parketik entzuten zen musika klasikoa izan da pelikula honen soinu-banda.
Zapaterok zabaldutako ohar osoa
"Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi itxaroteagatik, baita herritarrei ere. 29 egun eman ditut isilik, une hau eta etorriko direnak prestatzen. Isilik egon naiz Justizia eta epailea errespetatzearren; izan ere, hark entzun behar ninduen lehenik. Ez izan zalantzarik datozen egunetan eman beharrezko azalpen guztiak emango ditudala.
Nik egin ez ditudan delitu oso larriak egozten dizkidate. Beti jokatu dut duintasunez eta zintzotasunez, eta orain hori frogatzeko lana dut aurretik. Erabateko gardentasunez eta konfiantza osoz egingo dut.
Epaitegiari borondatezko baimen unibertsala aurkeztu diot, nire izenean zuzenean nahiz zeharka dagoen sozietaterik, dirurik, finantza produkturik eta bestelako aktiborik ez dagoela egiazta dezan. Ez baitut ezer Espainiatik kanpo.
Norbera erabat errugabe dela dakienean, nire kasuan bezala, eta Justizian erabateko konfiantza duenean, mingarriena da jende asko etsita egon daitekeela jakitea, nitaz esaten direnak sinesten baditu. Herritar horiei guztiei ere zuzendu nahi diet mezua: konfiantza izateko eskatzen diet. Ez dut hutsik egingo. Hori frogatzea gehiago ala gutxiago kostako zaigu, baina egia nagusituko da, eta gaur zalantza egiten dutenei konfiantza itzuliko diet. Ikusiko duzue. Mila esker".
Zure interesekoa izan daiteke
Grande-Marlaskaren eta Roblesen kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren kargugabetzeak eskatu ditu, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.