Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Ceutara azken egunotan, batez ere ostegunean, heldutako migratzaileetatik 50.000 inguru itzuli dira Marokora, Segurtasun Indarren arabera. Itzulerak bizkortzen ari dira taberna, supermerkatu eta gainerako saltokiak ia erabat itxita daudelako eta janaria eta ura eskuratzea gero eta zailagoa delako. Dena den, migratzaile askok esan dute Marokon indarrak berreskuratu eta berriro Espainiara igarotzen saiatzea dutela asmo.
Hildakoen kopuruak, berriz, gora egiten jarraitzen du: 67 dira jada. Horrekin batera, Marokoko agintariek 70 migratzaile atxilotu dituzte, hainbat istilurekin lotuta.
Espainiako Gobernuak hasiera batean esan zuen 50.000 lagun inguru sartu zirela modu irregularrean Ceutan. Bertako gobernuaren esanetan, berriz, 60.000 izan ziren. Nolanahi ere, agerikoa da iritsitakoen benetako kopurua handiagoa izan dela, itzuli diren 50.000 horiek ez baitira muga igaro zuten guztiak.
Tabernak eta supermerkatuak erabat itxita
Azken orduetan, milaka lagunek Marokorako bidea hartu dute berriro. Horren arrazoien artean daude Espainiak eta Marokok aberriratzeak egiteko adostutako neurriak, baina baita Ceutan oinarrizko beharrak asetzeko dituzten zailtasunak ere. Izan ere, taberna, supermerkatu eta saltoki gehienak itxita daudenez, ia ezinezkoa dute janaria eta ura eskuratzea.
Hainbat migratzailek azaldu dute Fnideqera itzultzeko asmoa dutela, jan, atseden hartu eta indarrak berreskuratzeko, ondoren berriro Espainiara itzultzen saiatzeko. Batzuen ustez, mugako zaintza ez da nahikoa oraindik ere, eta Ceutara berriro sartzeko aukera izango dute.
Hainbat lagun autobus batean, Fnideq hirian (Maroko). Argazkia: EFE
Berriro saiatzeko asmoa
Fez hiriko Mohamed izeneko 15 urteko mutil bat larunbatean heldu zen Ceutara, eta hiru egunez ez du ezer jan. "Ametsak ditugu, eta talentu handia, baina Marokok ez gaitu han nahi", adierazi du. Beste askoren moduan, Marokora itzuli ostean, indarrak berreskuratu eta berriro muga zeharkatzen saiatuko dela esan du, Atzerritarrentzako Aldi Baterako Egonaldi Zentroan (CETI) hartuko duten esperantzarekin.
Xauen hiriko Ahmed (20 urte) eta Youssefen (21 urte) esanetan, Instagramen ikusi zuten Espainiara igarotzea erraza zela, eta horregatik igaro zuten muga. Ukatu egin dute mafiek bultzatuta jardun izana, eta Marokon lan aukerarik ez dagoelako hartu zuten erabakia. "Marokon ez dago lanik, edo soldatak oso apalak dira. Hilean 3.000 dirham irabazten ditut, 280 euro inguru", esan du Youssefek. Jan eta atseden hartu ondoren berriro saiatzeko asmoa du.
Ifraneko Ashrafek (32 urte), berriz, Ceutan geratzea erabaki du, bertara heldutakoen kopurua gutxitu arte, lana aurkitzeko edo gero Penintsulara joateko aukeraren zain. Poliziak saltokiei ixteko eskatu die migratzaileak Marokora itzultzera behartzeko, horren esanetan. Horrez gain, Ceutan bizi diren bere herrikideei laguntzarik ez ematea egotzi die, eta, zenbait kasutan, baita "labanekin" erasotzea ere.
Ashrafen ustez, Marokotik jendea masiboki ateratzen ari da bizi baldintzek bultzatuta, baina gertatutakoa "erabaki politikoa" ere bada. "Marokok nahi badu, mugatik ez da eltxo bat ere pasatzen", esan du ironiaz. Horren arabera, ez luke halakorik bere herrialdean esango, protesta egiteagatik "20 urteko kartzela zigorra" ezar liezaioketelako.
Hainbat lagun Fnideq hiriko biribilgune batean atseden hartzen. Argazkia: EFE
Gehienak, 18 eta 35 urte bitartekoak
Bien bitartean, Espainiako Polizia Nazionaleko, Ceutako Udaltzaingoko eta Espainiako Armadako agenteek kalean jarraitzen dute, parean aurkitzen dituzten migratzaileei Marokora itzuli behar dutela esaten. 18 eta 35 urte arteko gizonezko marokoarrak dira gehienak, eta hiriko auzoetan barrena dabiltza.
Guardia Zibilak eta Armadako Erregularren 54. Taldeak dispositibo iraunkorra jarri dute Tarajal hondartzan, itsasotik sartzea eragozteko. Merkataritza jarduera ia erabat geldirik dago oraindik ere Ceutan; izan ere, saltoki gehienek itxita jarraitzen dute, migratzaileen etorrera masiboaren ondorioz herritarrek segurtasun falta dagoela uste baitute.