Marlaskak negarra eragiteko gasa erabiltzea debekatu du manifestazioetan, A11ko karga polizialen ondoren
Hala ere, Espainiako Polizia Nazionalak ATL artifizioak erabiltzen jarraitu ahal izango du, Barne Ministerioaren arabera kalterik eragiten ez duen kea igortzen duten poteak, hain zuzen ere.
Azaroaren 11ko grebaren egunean Iruñean pertsona bat atxilotu zuten unea. Argazkia: Europa Press
Espainiako Barne Ministerioak ostiral honetan baieztatu duenez, negarra eragiteko gasa debekatzeko eta barne protokoloa aldatzeko agindu dio Polizia Nazionalaren Zuzendaritza Nagusiari, azaroaren 11ko greba orokorraren harira izandako karga polizialen inguruan sortutako polemikaren ostean.
Aurrerantzean, ordena publikoko dispositiboetan Polizia Nazionalak ATL artifizioak erabiltzen jarraitu ahal izango du. Barne Ministerioaren arabera, kalterik eragiten ez duen kea igortzen duten poteak dira.
Gas negar-eragilea debekatzeko erabakiak Polizia Nazionalaren sindikatuen haserrea eragin du, segurtasun indarreko agenteak "susmopean" jarri direlakoan.
Gainera, Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen Ministerioak adierazi duenez, greba orokorraren egunean polizia agenteek izandako jarduna ebaluatzeko prozesua abiatu du Madrilgo Buruzagitza Nagusiak.
Marlaskak dimisioa aurkeztea baztertu du
Marlaskak dimisioa ematea baztertu du, bart, PSOEk Madrilen egin duen hauteskunde kanpainako lehen ekitaldian. Halaber, ezbaian jarri du poliziaren proportzionaltasuna azaroaren 11ko karga polizialetan.
Hala ere, Poliziak eta Guardia Zibilak "indarra erabiltzeko legitimitatea" dutela defendatu du Marlaskak.
Bestalde, Marlaskak azaldu du "ikerketa espezifikoak" egiteko eskatu diola Pardo Piqueras Polizia Nazionalaren zuzendari nagusiari, greba orokorrean poliziek erabilitako indarkeriagatik.