Asier Ezeiza ETAko presoaren hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu du Fiskaltzak
Ministerio Fiskalak azaldu dituen arrazoien artean Juan Priede Perez Orioko zinegotzi sozialistaren hilketagatik Ezeizari berriki ezarritako kondena dago. Fiskaltzaren ustez, bigarren graduan utzi behar dute oraindik Ezeiza.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu du Espetxeratuen Zaintzako Epaitegian, Asier Ezeizari hirugarren gradua emateko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurka.
Ezeizari 201 urteko espetxealdia ezarri zioten, nahiz eta gehienez 20 urte igaro ditzakeen kartzelan.
Errekurtsoan, Fiskaltzak onartu egiten du Ezeizak bilakaera positiboa izan duela espetxean egon den bitartean, birgizarteratze programetan eta prestakuntza eta lan jardueretan parte hartu duelako, eta, halaber, indarkeria terroristatik bereizten ari dela nabaritu egiten delako. Hala ere, uste du aurrerapen horiek oraindik ez direla nahikoak hirugarren graduan sartzeko, erdi askatasuneko erregimena ahalbidetzen baitu horrek.
Juan Priederen hilketagatik zigortua
Ministerio Fiskalak azaldu dituen arrazoien artean Juan Priede Perez Orioko zinegotzi sozialistaren hilketagatik Ezeizaren aurka berriki ezarritako kondena dago.
Fiskaltzaren ustez, bigarren graduan utzi behar dute oraindik, egindako delituen larritasunagatik eta birgizarteratze prozesua epe luzeagoan egin dela egiaztatu behar delako.
Espetxe zaintzako epaitegiak du, dena den, azken hitza, berari dagokiolako Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoari buruzko erabakia hartzea.