Alerta meteorologikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Olatuak lau metrora iritsiko dira ostegunean, eta hainbat pasealeku itxi beharko dituzte Donostian

Euskalmetek abisu horia ezarri du nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik lehenengo bi milietan. Donostian, berriz, alerta laranja izango da ostegun osoan, eta kostaldeko hainbat gune itxi egingo dituzte.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Euskalmetek itsasertzeko arriskuagatik nabigaziorako abisu horia ezarri du lehen bi itsas milietan, asteazkeneko 12:00etatik ostiraleko 12:00etara. Osteguna izango da egunik zailena, bai itsasoaren egoeragatik, bai haizearen indarragatik.

Hiru egun horietan, euskal meteorologia agentziak aurreikusi du olatuen altuera esanguratsua handituz joango dela, eta asteazken arratsaldean 3,5 metroak gaindituko dituela. Ostegunean lau metrora irits daiteke; ostiralean, berriz, olatuen altuera pixkanaka txikituko da.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoarekin batera, haize gogorra ibiliko da. Asteazkenean aldakorra izango da, mendebaldetik hego-mendebaldera jotzeko joerarekin, eta itsaso kizkurra eragingo du, tarteka itsaskirriarekin. Ostegunean indartu egingo da: goizaldean 6ko indarreko tarteak izango ditu, eta itsaskia edo itsaski handia eragingo du; goizaldeko lehen orduetan, gainera, itsaso zakarreko eremuak izango dira.

Ostiralean, haizeak hego-mendebaldetik mendebal-ipar-mendebaldera egingo du, eta indarra galduko du. Itsasoa kizkurretik itsaskirrira igaroko da, eta egunaren erdiko orduetan itsaskia izango da.

Gainera, bereziki osteguneko goizaldean, haize-boladek 80-100 km/h-ko abiadura har dezakete kostaldeko gunerik zabalenetan.

Euskalmeten abisuak Bizkaian eta Gipuzkoan izango du eragina. Ipar Euskal Herrian, Meteo-Francek ere abisu horia ezarri du Lapurdiko kostaldean olatuek izan dezaketen eraginagatik.

Donostiako hainbat pasealeku eta kostaldeko gune itxi egingo dituzte

Olatu handien iragarpena dela eta, Donostiako Udalak abisu horia aktibatuko du asteazkenean, eta alerta laranja 20:00etatik aurrera. Alerta laranja ostegun osoan egongo da indarrean.

Lehen neurri gisa, Pasealeku Berria 09:00etatik aurrera itxiko dute ibilgailuentzat. 20:00etatik aurrera, berriz, erabat itxiko dute, oinezkoentzat ere bai.

Osteguneko alerta laranjaren ondorioz, kostaldeko hainbat gune itxi egingo dituzte, aurreikuspenen arabera, ostiraleko 18:00ak arte. Zehazki, Pasealeku Berria (Argazkilaritza Elkartearen paretik aurrera) eta Salamancako pasealekua itxi egingo dituzte, eta oinezkoek eta ibilgailuek ezingo dute erabili. Halaber, Leizaolako pasealekua (Zurriolako kai-muturra) eta Haizearen Orrazia ere itxiko dituzte.

Ibilgailuak Soraluze kaletik Aldamar kalera bideratuko dituzte.

Era berean, Santa Klara uharterako garraio-zerbitzua eta bisitak bertan behera geratuko dira. Udalak gogorarazi du uretara sartzen direnek beren erantzukizunpean egingo dutela.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X