GTA VI

Gorde
Kendu nire zerrendatik

GTA VI argitaratzearekin batera, handitu egin da lanera joango ez diren beharginen kopurua

Bihar iritsiko da bideojokoen historian ikusmin handiena sortu duen argitalpena: Grand Theft Auto VI. Horrekin batera, egun libreen eskaerek izugarri egin dute gora mundu osoan.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Grand Theft Auto VI (GTA VI) fenomenoa lanpostuetara ere iritsiko da bihar. Izan ere, jai-eguna hartzeko eskaerek gora egin dute azaroaren 19rako, ostegunerako —edizio berria argitaratuko den egunerako— eta markak hausteko igoera espero da: % 32rainokoa, Remote giza baliabideen plataformaren arabera.

Atariak biharko egunerako eta 2025eko ostegun bererako eskatutako opor-egunak alderatu ditu. Konparazioaren arabera, % 32 ugaritu dira eskaerak. Are gehiago: 2026an eskaera kopurua gehien gora egin duen eguna da biharkoa. 2022an plataforma datu horren jarraipena egiten hasi zenetik, bi egun baino ez dira 2026ko azaroaren 19aren aurretik: 2024ko eklipsea, langile estatubatuarren kasuan, eta 2026ko Munduko Koparen irekiera, Mexiko eta Hegoafrikaren artekoa, langile mexikarren kasuan.

Z belaunaldiko gizonezkoen artean ugaritu da gehien fenomeno hori: haien eskaerak bikoiztu egin dira eta (2,2, hain zuzen). Herrialdeka, Italian hazi dira gehien, % 91raino. Espainia ere batezbestekoaren gainetik dago, % 44ko igoerarekin. Estatu Batuetan bakarrik, milioi eta erdi langile dira bihar beharrera ez joatekoak, eta mila milioi dolarreko galerak eragingo omen du horrek.

Nolanahi ere, hamaika milioi pertsonak baino gehiagok erreserbatu dute bideojokoa mundu osoan, eta horrek 800 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak ekarriko dizkio Rockstarri.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X