13 urteren ostean, badator bideojokurik arrakastatsuenetariko baten edizio berria: GTA VI
Grand Theft Auto VI bideojokoak erreserba-markak hautsi egin ditu. 1997an abiatutako bideojokoaren edizio honek istorio berria dakar, bi protagonista eta Floridan inspiratutako mundu ireki handi bat.
Txirrindulari bat, GTA 6 bideojokoaren iragarki baten aurrean, Berlinen. Argazkia: Filip Singer (EFE).
Bi atzerapenen ondoren, ostegunean iritsiko da Grand Theft Auto VI (GTA VI), PlayStation 5 eta Xbox Series X/S kontsoletarako akzio- eta abentura-bideojokoa, baita Xbox Onerako ere bai (oraingoz ez dago PCrako aukerarik), Rockstar Games konpainiaren eskutik.
Bideojokoaren iritsiera 2022ko otsailaren 4an iragarri zen, eta itxaropen handiak sortu ditu ordutik. Izan ere, jokoari buruzko informazioa oso poliki iritsi da, ia-ia iragarki ofizialik gabe. Kazetariak eta eduki-sortzaileak izan dira jokorako sarbidea aldez aurretik izan dutenak, eta beraiek aletu dituzte hareb nondik norakoak.
Bideojokoaren istorioa Leonidan kokatzen da, Floridan oinarritutako fikziozko estatu batean. Agertoki nagusietako bat Vice City da, Miamin inspiratutako hiria; sagaren aurreko emanaldietan agertu zen, eta orain askoz ere modu zabalagoan itzuli da. Gainera, errepideak eta kaleak estuagoak izango dira, horrek trafiko astunagoa eragingo du eta, ondorioz, leku batetik bestera gidatzeko denbora gehiago beharko da.
Jason Duval eta Lucia Caminos dira istorioaren protagonistak. Gaizkile bikote horren bitartez, jokalariek Leonida esploratu ahal izango dute. Biek elkar babestu beharko dute, istorioa harremanaren eta hartzen dituzten erabakien ingurukoa baita. Istorioa elkarrekin aurrera egiteko moduaren arabera definituko da. Jokalariek Leonidako establezimenduetan lapurtu ahal izango dute, eta jokoan aurrera egiteko, dirua irabazi beharko dute.
Vice Cityren simulaziorako, 50 artistak baino gehiagok Miami hiria aztertu zuten eta benetako pilotuak kontratatu zituzten autoak eta gidatzea hobetzeko. Rob Nelson garapen buruak jakinarazi duenez, "jokalariak transmisioa, pneumatikoak, esekidura eta norabidea sentituko ditu, eta autoaren pisua ere bai".
Apustu musikala
Justice bikote frantziarrak jarri du jatorrizko soinu-banda, 34 abestiz osatutako album batez. Gainera, sei irrati ditu, eta horietan Bad Bunny (Cocoteo FM) eta Lana Del Rey (Back Country Radio) izango dira entzungai, besteak beste.
Bertsio estandarrak 79,99 euroko prezioa du, eta Ultimate bertsioak, 99,99 eurokoa. Halaber, posible da bertsio estandarra erostea eta, ondoren, Ultimate hobekuntza eskuratzea, 19,99 euroren truke.