Munduko Txapelketa gaur hasiko da: 48 selekzio, hiru herrialde eta 104 partida
Ikusminaren eta polemikaren erdian hasiko da gaur txapelketa: zaleek, epaileek eta selekzio parte-hartzaile batzuek Estatu Batuetan sartzeko arazoak salatu dituzte.
Zaleak, Futbol txapelketaren hasieraren zain. Argazkia: EFE
2026ko Munduko Kopa Mexiko Hiriko Azteca estadioan hasiko da, Mexiko eta Hegoafrikaren arteko partidarekin.
Irekiera ekitaldia Euskal Herriko 19:30ean hasiko da eta txapelketako lehen partida 21:00etatik aurrera izango da.
Partidak Mexikoko estadio historikoa munduko futbolaren erdigunera ekarriko du berriro, Diego Armando Maradonaren ibilbideko unerik gogoratuenetako baten agertoki izan eta lau hamarkada geroago.
Lehen aldiz, Munduko Txapelketa hiru herrialdek batera antolatuko dute: Estatu Batuak, Mexiko eta Kanada. Gainera, 48 selekziok parte hartuko dute, inoiz baino gehiago, eta 104 partida jokatuko dira, txapelketaren historian inoiz ikusi ez diren zifrak.
Curaçao munduko azken fasea jokatu duen herrialderik txikiena izango da, eta Cabo Verdek, Jordaniak eta Uzbekistanek debuta egingo dute nazioarteko futbolaren txapelketa nagusian.
Lionel Messik, Cristiano Ronaldok eta Neymarrek azken aldiz hartuko dute parte Munduko Kopan. Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Portugalekin batera Argentina faboritoen artean daude txapelketan.
Lehiaketa uztailaren 19an amaituko da New Yorken, eta finalean FIFAk planeta osoan milioika ikusle biltzea espero du.
Polemikak
Kirol arloaz haratago, txapelketa eztabaidaz inguratuta hasi da. Ameriketako Estatu Batuek ezarritako sarrera murrizketen ondorioz, zale batzuei bisak bertan behera utzi dizkiete eta parte-hartzaile batzuek herrialdera sartzeko arazoak salatu dituzte.
Kasurik aipagarriena Omar Artan epaile somaliarrarena da, 2025eko Afrikako epaile onena izendatua. Ezin izango du txapelketan parte hartu, AEBko agintariek ez baitiote sartzen utzi.
Iraganeko Munduko Txapelketa handiak gogoan eta zelaitik kanpoko galdera ugari dagoela, Munduko Kopak hilabeteko lehiaketa hasiko du, eta milaka milioi zaleren arreta izango du berriro.