Espetxera bidali dute Deport them Now talde neonaziko buruzagia, Torre Pachecon etorkinen "ehizaldia" deitzeagatik
Gorrotoa bultzatzea, legez kanpoko erakundeko kide izatea eta armak legez kanpo edukitzea leporatzen diote 29 urteko espainiarrari. Fidantzarik gabeko espetxealdi komunikatua ezarri diote.
C.L.P., 'Deport Them Now UE' mugimendu supremazista xenofoboaren burua, Mataroko (Bartzelona) epaitegira iritsi denean. Argazkia: EFE
Mataroko (Bartzelona) epaitegi batek behin-behineko espetxealdia, komunikatua eta fidantzarik gabe, ezarri dio gaur Deport Them Now talde neonaziaren buruzagia izateagatik atxilotutakoari. Mugimendu supremazista xenofoboak Torre Pachecon (Murtzia) etorkinen "ehizaldia" deitu zuen ohar baten bidez sare sozialetan.
Gorrotoa bultzatzea, legez kanpoko erakundeko kide izatea eta armak legez kanpo edukitzea egotzi diote, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakitera eman duenez.
Barne Ministerioak asteartean jakinarazi zuenez, 29 urteko atxilotu espainiarrari Deport Them Now UE mugimendu supremazista xenofoboaren barruan zuzendaritza lanak egitea leporatzen diote.
Guardia Zibilak mugimendu horren aurka egindako ikerketa baten barruan atxilotu zuten, eta Deport Them Nowk gorrotoa bultzatzeko oharra zabaltzeko erabilitako Telegrameko kanalak ere itxi zituzten.