Ospakizun historikoa

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zergatik ospatzen da Aberri Eguna? Jatorria, non eta Irlandan… eta Sizilian

Lehen Aberri Egunaren atarian argitaratutako Jesus Zabala buruzagi jeltzalearen artikulu batek data hautatzeko arrazoiak jaso zituen. Mikel Aizpuru historialariak ospakizunaren jatorria aztertu du.

18:00 - 20:00

Gernikako 1964ko Aberri Egunaren irudi historiko bat

Iruñea, 1967ko martxoaren 26a. Frankismo bete-betean. Ikurriña debekatuta dago, eta Aberri Eguna klandestinitatean ospatu beharra dago. EAJ eta EAE bezalako alderdi abertzaleek, halere, deia egin dute Iruñera joateko. Bestelako alderdi eta sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin: PSOEtik Acción Republicanaraino, eta ELAtik CNT edo UGTraino. Eta Gaztelu Plaza jendez gainezka dago.

Ustekabean, hiru ikurriña zerutik behera agertzen dira, paraxutetan zintzilik. Bertaratutakoak pozez erantzuten dute. Eta Polizia frankistak errepresioaren bidez. Eguna dozenaka zauritu eta ehunka atxiloturekin amaituko zen, eta Aberri Egunak bere izaera aldarrikatzaile eta antifrankista sendotuko zuen.

Sortu eta 35 urtera, EAJri lotuta jaio zen ospakizunak gainditua zuen bere hasierako izaera. 1932an Bilbon jaio zenean, erlijio erreferentziek markatu zuten, eta Irlanda edota Siziliara ere begiratu zuen. Ukazioaren eraginez, baina, nortasun propioa bereganatuko zuen hurrengo hamarkadetan, baita euskal gizartean txertatu ere,  nahiz eta oraindik ere zalantza ugari dauden ospakizuna ekarri zuten nondik norakoen inguruan.

Lehen Aberri Egunaren arrazoiak

Mikel Aizpuru EHUko Historia katedradunak azaldu duenez, lehen Aberri Eguna ospatzera eraman zuten arrazoiak nahiko argiak badira ere, zalantzak pilatzen dira data zehatzaren hautaketari dagokionez: Berpizkunde Igandea.

“Lehenengo ospakizun haren helburu nagusia zen euskal nazionalismoaren urrezko ezteiak ospatzea. Urte hartan, 1932an, 50 urte betetzen ziren Sabino eta Luis Aranak 1882an izan zuten elkarrizketa ospetsutik, non Sabinok nazionalismoari heldu zion. Horrekin batera, EAJk Sabin Etxearen inaugurazioa ere ospatu nahi zuen, egoitza ofizial gisa”, adierazi du.

Euskal nazionalistek beren mobilizazio gaitasuna erakutsi eta aberriari eskainitako egun bat finkatu nahi zuten, beste mugimendu abertzale askok egiten zuten bezala. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, Bigarren Errepublikaren testuinguruak ospakizuna ahalbidetzen zuen; eta, gainera, Euskal Estatutuaren inguruko eztabaida puri-purian zegoen, Lizarrako Estatutuak Konstituzio errepublikarrarekin talka egin ondoren.

Hautaketaren zergatiak

Testuingurua nahasiagoa da dataren hautaketari erreparatuz. “Luis eta Sabino Aranaren arteko elkarrizketa, seguruenik, udan gertatu zen, Luis Madrilen ikasten baitzegoen. Urteurrena ez zen data horretan zehazki betetzen”, dio Aizpuruk. Haren ustez, arrazoi sinboliko eta estrategikoak izan daitezke hautaketaren atzean.

“Berpizkunde Igandea data berezia da katolikoentzat, eta hori bada berez pisuzko arrazoia. Ospakizuna, nolabait, aberriaren berpizkundearen ideiarekin lotzen zen. Gainera, garaiko nazionalismoarentzat bazen sinbolismo handiko data, 1916ko Irlandako Pazko altxamenduarekin ere lotu baitzuten”, azaldu du.

Aizpururen arabera, esanguratsua da Jesus Zabala agintari jeltzaleak ‘Nacion Vasca’ egunkarian argitaratutako artikulua. Argentinan plazaratutako argitalpen horretan, Zabalak, faktore erlijiosoaz gain, Irlandako kasua ere aipatzen du: “Oraindik gogoan ditugu euskal abertzaleok altxamendu fenianoaren aurrean sentitutako emozioak”.

Erreferentzia historiko bitxiago bat ere jaso zuen Zabalak: Siziliako Bezperak, 1282an uharteko biztanleek frantsesak kanporatzeko egindako altxamendua. “Berpizkunde Igandea oroitzapen iradokitzaileen eguna da abertzaleentzat (…). Siziliako hiri guztietan zabaldu zen herriaren haserrea, eta atzerritarren harrokeriaz nekatutako herri baten ezpaten azpian erori ziren frantses soldaduak”, idatzi zuen

Erreferentzia sinboliko horietatik harago, Zabalak argi utzi zuen indarkeriaren aurkako jarrera: “Guk ospatu nahi dugun Pazkoa ez da siziliarrek eta irlandarrek odolez betea egin zuten hura. Gure nahia bakea da. Oso urrun dugu indarkeria materiala”.

Kontuan hartuta Zabala lehen Aberri Eguna antolatu zutenen artean nabarmenetakoa izan zela, adierazgarria da bere artikulua eta argi uzten du Irlandako erreferentzia ez dela berriki sortutako asmakizun bat, askotan hori esan bada ere.

Bestalde, Aizpururen arabera, hautuak bestelako arrazoi praktikoak ere izan zitzakeen, data kokatua baitzegoen urte hasieraren eta San Ignazio egunaren artean.

Erreferentzia antifrankista gisa

Frankismoak Aberri Egunaren ospakizuna bortizki eten bazuen ere, errepresioak kontrako efektua ekarri zuen frankistentzat.

“Erbestean, batez ere Amerikan, Aberri Eguna abertzale guztien festa bihurtu zen, EAJtik harago. Gero, 1963ko Itsasuko Aberri Egunean, Ipar Euskal Herrian, Enbatako militanteak zein ETAko kideak —hala nola Iulen Madariaga— izan ziren”, dio Aizpuruk.

Abertzaletasunari erabat lotuta bazegoen ere, 60. hamarkadan bestelako kultura politikoetara ere zabaldu zen, antifrankismoaren erreferentzia bilakatu zen heinean. Horren adibide, 1964ko Gernikako edizioa edo 1967koa, Iruñean

Izaera zabal, zeharkako eta erregimenaren aurkako hori trantsizioaren lehen urteetan ere mantendu zen, baina pixkanaka lausotu zen geroago, sakonegiak baitziren alderdien arteko desberdintasunak.

Azken urteotan, ospakizunaren inguruko eztabaida piztu da, eta ahots batzuk beste erreferentzia sinboliko bat bilatzearen alde agertu dira. Oraingoz, adostasun berririk ezean, duela 94 urte ezarritako eguna mantentzen da, denborak beste nortasun bat eman badio ere.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

VITORIA, 31/03/2026.- La vicelehendakari y consejera de Cultura, Ibone Bengoetxea, ha informado este martes en Vitoria de los asuntos tratados en el Consejo de Gobierno. EFE / L. Rico
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' Euskararen Plan Estrategikoa onartu du erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago". Helburua da euskararen ezagutzan eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" ematea, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia gizarteko eremu guztietan handitzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X