Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' Euskararen Plan Estrategikoa onartu du erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko
Eusko Jaurlaritzak Euskararen Plan Estrategikoa onartu du astearte honetan Gobernu Kontseiluan, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko helburuarekin. Gobernuaren egungo legegintzaldiko plan estrategiko nagusietako bat da, eta Imanol Pradales lehendakariak inbestidura saioan planteatutako lau jauzien testuinguruan kokatzen da (laugarrena euskararena da).
Testuinguru horretan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak prentsa agerraldian azaldu duenez, Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' estrategia garatu du, eta euskararen etorkizuna hiru bide nagusitan kokatu: politika publikoak sendotzea, euskara erabiltzeko baldintzak sortzea eta euskararekiko lotura emozionala indartzea. Plan estrategikoa lehen bidean kokatzen da, eta gobernu programan eta Aroa izeneko marko estrategikoan ezarritako konpromisoekin eta ildoekin lerrokatuta dago.
Bengoetxeak azpimarratu duenez, "inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago. Horregatik, planaren helburua da ezagutzatik erabilerara jauzia ematea".
Euskararen Plan Estrategiko berriak lau helburu nagusi ezartzen ditu, euskararen ezagutza, erabilera, prestigioa eta datuak, hain zuzen ere, eta helburu horiek 11 ardatz estrategikotan garatuko dira: euskararen gaitasuna, euskararen transmisioa, aisialdi antolatua, eremu publikoa, eremu pribatua, arnasguneak eta erabilguneak, hedabideak eta ikus-entzunezkoak, ingurune digitala, migratzaileak, euskararen nazioartekotzea eta euskarari buruzko ikerketa eta datuen garapena.
Helburua da euskararen ezagutzan eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" ematea, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia gizarteko eremu guztietan handitzeko.
Planak euskararen erabileran bereziki jartzen du arreta, eta, horretarako, bizitzako eremu nagusietan jardutea aurreikusten du: transmisioa, aisialdia, lan mundua, komunikabideak, ingurune digitala eta aniztasunaren eremua. Halaber, "funtsezkoa" izango da arnasguneak babestu eta indartzea, eta erabilgune berriak sortzea, euskararen erabilera errealerako aukerak zabaltzeko.
Era berean, Jaurlaritzaren ustez, "lehentasunezkoa" da euskararen prestigioa indartzea, eta hizkuntza gero eta gehiago lotzea esperientzia eta emozio positiboekin, gizartearen atxikimendua handitzeko. Horrez gain, planak datuetan oinarritutako politika publikoen garrantzia nabarmentzen du, euskararen egoeraren eta bilakaeraren jarraipen zehatza egiteko eta erabaki eraginkorrak hartzeko.
Euskara, sail guztietan
Ibone Bengoetxeak adierazi du Euskararen Plan Estrategikoa ez dela sail baten plana, baizik eta Eusko Jaurlaritza osoaren plan estrategikoa, eta politika publiko guztietan euskararen zeharkakotasuna indartzea du helburu.
Planaren kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku egongo da, baina gobernu osoaren inplikazioa aurreikusi da, baita beste erakunde publiko eta gizarte eragileekin lankidetza ere. Konpromiso hori baliabideetan ere islatzen da: Eusko Jaurlaritzak urtean 130 milioi eurotik gorako inbertsioa egiten du euskara sustatzeko.
Orobat, plana "bizia" da, eta urtez urteko kudeaketa planen bidez garatuko da. Plan horietan zehaztuko dira ekintzak, epeak, arduradunak eta adierazleak, eta jarraipen eta ebaluazio sistema bat izango du. Horretarako, jarraipen batzorde iraunkorra eratzea aurreikusi da, planaren garapena aztertzeko eta konpromisoen betetze maila neurtzeko.
Diagnostikoa oinarri
Jaurlaritzak onetsitako Euskararen Plan Estrategikoa diagnostiko soziolinguistiko sendo batean oinarritzen da, eta datuek "argi" erakusten dute euskararen egoeraren bilakaera eta erronkak. Horrela, EAEko herritarren % 42,5ek euskaraz egiten dakite, eta 20 urtetik beherako gazteen artean euskaraz dakitenen portzentajea % 86tik gorakoa da. Azken 40 urteetan euskara dakitenen zenbatekoa bikoiztu egin da.
Euskararen erabilera, berriz, % 22 inguruan dago gaur egun, eta euskaraz dakitenen % 57,3 eremu erdaldunetan bizi dira. Herritarren % 67 euskararen erabilera sustatzearen alde daude, eta % 88k uste dute etorkizunean euskaraz eta gaztelaniaz hitz egin beharko litzatekeela. "Datu horiek guztiek erakusten dute oinarri sendoa dagoela, baina erronka nagusia erabileran dagoela, eta horri erantzuten dio plan honek", adierazi du.
Jaurlaritzaren ustez, euskara "kohesiorako eta bizikidetzarako tresna" da, eta "komunitate sendoagoa eraikitzeko elementu nagusietako" bat. "Helburua da herritar guztiei aukera gehiago eskaintzea eta euskararen bidez gizartea inklusiboagoa eta kohesionatuagoa izan dadin. Azken batean, euskara aukera bat da", ziurtatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.
Nafarroako Gobernuak larrialdiko 2. maila ezarri du eklipsea dela eta
Foru Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea ere eratu du, eta 1.165 kidek osatutako segurtasun-dispositiboa jarriko du martxan.
Ertzaintzako sindikatuek agenteen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, bitarteko gehiago eskatuz
ErNE, Euspel eta Sipe sindikatuek salatu dutenez, polizia bati eraso egitea ezin da "normal" bihurtu. Hortaz, "babes instituzionala" eta lantaldea indartzea eskatu dute.
Bilboko aireportuak ausazko kontrolak egiten dizkie Italiatik datozen bidaiariei, gorabeherarik gabe
Neurria larunbat honetan aktibatu da, eta irailaren 7ra arte iraungo du, Italiako Gobernuak Espainiatik datozen bidaiarientzako Schengen eremua bertan behera uzteko dekretuari erantzuteko.
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.