IRUNEN ATXILOTUTAKO GAZTEAK

Guardar
Quitar de mi lista

Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak

Auzitegi Nazionaleko epaileak atera dituen autoen arabera, nahikoa zantzu daude kautelazko neurri hori hartzeko eta uste du arriskua dagoela ikertuek justiziaren ekintzatik ihes egiteko, delitu berriak egiteko eta hasierako fasean dagoen ikerketa baten frogetan esku hartzeko. Atxilotuen abokatuak EITBri esan dio ez dagoela frogarik eta "antolaketa politikoaren aurkako eraso larria" dela.

auzitegi nazionala

Audientzia Nazionala. Argazkia: Europa Press

Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean espetxera bidali ditu, ustezko terrorismo delituekin lotutako auzi baten ikerketaren baitan, joan den astean Irunen atxilotu zituzten 34 urteko gizonezkoa eta 22 urteko emakumezkoa. Epailearen ebazpenaren arabera, nahikoa zantzu daude kautelazko neurri hori hartzeko. Horrez gain, hainbat arrisku daudela ere uste du: ikertuek justiziaren ekintzari ihes egiteko aukera, delitu berriak egiteko aukera eta hasierako fasean dagoen ikerketa baten frogetan eskua sartzeko aukera. 

Piña magistratuaren autoek baieztatu dutenez, epailea ados dago Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako eskaerarekin. Honek ere behin-behineko espetxeratzea eskatu baitu, erakunde edo talde terroristarekin kolaboratzea eta lehergailuak eta armak edukitzea eta fabrikatzea ustezko delituak leporatuta. 

Bi atxilotuak, autoetan Aratz Bilbao Gomez eta Malen Grunig Ibañez gisa identifikatu dituztenak, astearte goizean utzi dituzte epailearen esku Auzitegi Nazionalean. Iragan larunbatean Irungo polizia-etxera joan ziren, abokatuak lagunduta, eta ordutik atxilotuta zeuden. 

Epailearen ebazpenen arabera, ikerketa 2026ko irailaren 26an hasi zen. Egun hartan, Eskoriatzan, alkohol eta droga kontrol batean, geldiarazi zuen Ertzaintzak bi atxilotuak eta hirugarren pertsona bat zihoazen autoa. Magistratuak jaso duen polizia-kontakizunaren arabera, atxilotuak identifikatu zituztenean konturatu ziren agenteak Italiak eta Frantziak Schengengo Informazio Sistemaren bidez igorritako polizia-alertak zeudela indarrean bien gain, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik. 

Era berean, atxilotuetako baten bizkar-zorroan, dokumentazioa eta gailu elektronikoak, horietako batzuk zifratuta, aurkitu zituzten Ertzaintzako agenteek; baita eskuz idatzitako matrikula zenbakiak, hainbat polizia-agenteri buruzko informazioa eta ikertzaileek Jardun Koordinatzailearekin lotzen duten dokumentazioa ere.

Autoetan jasotzen denez, atzemandako dispositiboetako batzuk aztertu ostean, agenteek, besteak beste, honako zantzu hauek aurkitu zituzten: Indarkeriazko ekintzak egiteko entrenamenduen irudiak, ibilgailuen argazkiak, poliziaren ibilgailuenak izan daitezkeen matrikulak eta ETAren antzinako zuloekin lotutako planoak.

Azkenik, zehazten da Grunig eta Bilbao Jardun Koordinatzailearen parte direla eta Jardun bi taldek osatzen dutela: Jarkik, borroka ideologiko iraultzaile, independentista eta sozialista sustatzen duen erakundeak, eta Askek, erakunde independentista, sozialista, amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako erakundeak.

Aratz Bilbaoren kasuan, derrigorrezkoa ikusten du behin-behineko espetxeratzea prozesuan bere presentzia bermatzeko, delitu berririk egin ez dezan eta ikerketaren frogen gainean eragiteko aukera egon daitekeelako. Malen Grunigi dagokionez, Jarki/Jarduneko militante aktiboa dela adierazi du, eta erakunde horrek egindako hainbat ekintza bortitzetan parte hartu duela eta identifikatu dutela.

Frogarik ez, defentsaren ustez

EITBk atxilotuen abokatuarekin, Aratz Estombarekin, hitz egin ahal izan du esklusiban. Bere ustetan, ez dago inolako frogarik atxilotze agindua emateko eta gertatu dena "antolaketa politikoaren aurkako eraso larria" dela uste du.

Publicidad
18:00 - 20:00

Askek atxilotuen askatasuna eskatu du

Sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez, Aske Antolakundeak, ezker abertzale ofizialaren talde kritiko eta disidentea, elkartasuna adierazi die atxilotuei eta haien gertukoei, eta aske utzi ditzatela aldarrikatu du. 

Te puede interesar

Cargar más
Publicidad
X