POLIZIAREN INDARKERIAREN BIKTIMAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Balorazio batzordeak beste 60 pertsona aitortu ditu biktima gisa, eta polizia zentroak "torturaren memoria-gune" izendatzea proposatu du

Batzordeak gaur, asteazkena, bere seigarren txostena argitaratu du, eta horretan agertzen denaren arabera, aitortu diren 60 biktima berri horietatik gehientsuenak (54) tratu txarrak edo torturak pairatutakoak dira, tartean, horien ondorioz hil zen bat. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzen dituen EAEko batzordeak beste 60 pertsona aitortu ditu biktima gisa, eta torturatzeko erabili ziren zentroak memoria-gune bihurtzeko eskatu du, horien artean, Intxaurrondoko (Donostia) eta Salbeko (Bilbo) Guardia Zibilaren kuartelak eta Polizia Nazionalaren Indautxuko (Bilbo) eta Amarako (Donostia) egoitzak.

Biktima gisa onartu dituzten gehienek, 54k, tratu txarrak edo torturak pairatu zituzten, eta haietako bat horien ondorioz hil zen. Lauri tiro egin zieten: hiruri Estatuaren segurtasun indarrek, eta, besteari, talde parapolizalek.

Azken txostenean argitaratu diren kasu berri horiekin, Jaurlaritzak indarkeria polizialaren 305 biktima aitortu ditu dagoeneko, batzordeko lehendakari Juana Balmasedak azaldu duenaren arabera. Horrekin batera, aitorpen kolektiboko ekitaldia gehiago ez atzeratzea eskatu du batzordeak, eta eskari berri bat gehitu dute: behin eta berriz tortura-leku gisa agertzen diren zentroak memoria-gune bihurtzea.

Txostenak azpimarratu du "atxiloketa zentro jakin batzuk behin eta berriz agertzen direla tortura leku gisa". Poliziaren Donostiako egoitza izan ezik (lekuz aldatu zuten), beste hiru polizia-zentroek martxan jarraitzen dute gaur.

Txostenean jasotako kasu batzuk

Dokumentuan jasotako kasuen artean dago E.M.S.-rena. 1982an atxilotu zuten, lehenik Donostiako Antigua auzoko kuartelera eraman zuten, eta handik Madrilera. Inkomunikatuta egon zen 9 egunetan tratu txarrak eta umilazioak jasan zituen, txostenak jasotzen duenez. Aske geratu eta hiru egunera hil zen. Fisikoki jota, neke handiarekin, minez eta beldur handiarekin zegoela adierazi du batzordeak.

Txostenean jasotako beste hildakoa Komando Autonomo Antikapitalistetako kide bat da. 1978ko azaroan, Guardia Zibilak tiroka hil zuen Arrasaten, Aretxabaletan atentatu baten ondoren bere komandoaren atzetik zihoazen guardia zibiletako batek tiro egin zion, hain zuzen.

Txostenak nabarmendu du, era berean, tortura larrienak emakumeei egiten zitzaizkiela, sexu mehatxuak eta tratu txarrak pairatzen baitzituen.

Batzordearen lehendakariak, Balmasedak, adierazi du 284 espediente aztertzeke daudela, eta, horren hitzetan, balorazio lana 2028an amaitu daiteke.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X